Noticias
Atrás Zestoako Zaintza Sareak agenda bateratua aurkeztu du
22·02·2024
Gaur, otsailak 22, Mikel Arregi, Zestoako alkateak; Joseba Illarramendi, San Juan Egoitzako zuzendariak eta Ane Lizaso, Zabalduz kooperatibako koordinatzaileak Zestoako Zaintza Sarearen baitan sortu den agendaren berri eman dute. Horrekin batera, hemendik aurrera Zestoako Zaintza Sareak izango duen irudi korporatibo berria ere aurkeztu dute.
Agenda hau, datozen egunotan, etxe guztietan banatuko da eta bertan jaso dira martxotik ekainera bitartean Zestoako Zaintza Sarea osatzen duten eragile ezberdinek eskuartean dituzten ekimenak. Hemendik aurrera, maiztasun jakin batekin banatuko da aipatutako eskuorria etxe guztietan.
Arregik adierazi duen bezala, aurreko legegintzaldian hasi ziren zaintza komunitarioaren inguruan lanean. Hasiera hartatik, bilakaera garrantzitsua izan du eta orain arte egindakoaz balorazio oso positiboa egin du: “Baliabide profesionalen eta ez-profesionalen arteko dinamika bat garatzea zen helburua eta gaur da eguna hori praktikan dagoena”, azpimarratu du Arregik.
Helburua gobernantza partekatua oinarri hartuta herrian zaintza ekosistema propio bat sortu eta garatzea dela aipatu du: “tokiko estrategia lehenetsi eta erabakiguneak herrian mantenduaz bizi garen tokian izango gara ondoen zainduak” gaineratu du.
Aurreko bi urteetan bezala, Zestoako Udalak proiektua garatzeko 2024 eta 2025erako Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza izango du eta orain arte egindako guztiari forma emateko sortu da Zestoako Zaintza Sarea.
Zestoako Zaintza Sarea
Illarramendik azaldu duen bezala, proiektu honen sorrera 2019an dago. Herrigintzatik sortu zen proiektu bat da. Hastapenetan, San Juan Egoitza, 3Z eta Jubilatuen Elkartea elkarlanean hasi ostean hasi zen forma hartzen proiektua. Denborarekin udal proiektu bat izatera pasa da, guzti honen atzean konpromiso politiko haundi bat dago, hori gabe proiektu hauek ezingo baitziren aurrera atera.
Hasieratik galdera garbi bat zegoen mahai gainean: “Zestoarrok nola nahi dugu izan zainduak?”. Horren bueltan hausnarketa ugari egin ostean, garbi ikusi zuten komunitatearen beharra. Hasiera batean proiektua adinduen mahaia bezala hasi zen forma hartzen baina denborak erakutsi du zaintza ez dela adinduen kontua bakarrik, eta saretzeko eta komunitatea osatzeko eta indartzeko dagoen beharra ikusita Zestoako Zaintza Sarea izatera pasa da adinduen mahaia. Bertan 18 eragile biltzen dira, eta aurreratzean eragile kopurua ugaritzea da helburua.
Zaintza sarean adin ezberdinetako herritarrek parte hartzea da helburua, horregatik eskuorri honetan bildu diren ekimenak ere gizarte osoarentzat direla azpimarratu nahi izan dute.
Zestoa herri berezia da, izan ere bederatzi auzo eta 232 baserri daude. Guztietara iristeko zaintza sare hau plan estrategiko baten baitan kokatuta dago eta pandemiak prozesua geldiarazi zuen arren, berriro martxan dago.
Egoera zaurgarrian dauden pertsonek sozializatzeko behar handia dutela adierazi du Lizasok. “Agenda honekin, jende guzti horrengana iristea nahi dugu, bakardade egoeran dauden guzti horiek sozializatzeko dituzten aukeren berri izan dezaten”. Lizasok adierazi duen bezala, bera Zestoan lanean hasi zenean ekimen ugari antolatzen zirela konturatu zen baina bakoitza bere aldetik. “Guztiak saretzeko beharra zegoen, eta orain agenda bateratuarekin hori lortu dugu”, azpimarratu du Lizasok.