Noticias

Atrás Udalak eta Agiro Mendi Klubak ‘Oroimenaren Ibilaldia’ antolatu dute Ezkabatik Urepeleraino

GR 225 ibilbideak, Europan inoiz egin den ihesaldirik handienaren bidea jarraitzen du.

11·05·2022


Zestoako Udalak eta Agiro Mendi Klubak elkarlanean GR 225 ibilbidea oinez egiteko txangoa antolatu dute. GR 225 ibilbideak, Europan inoiz egin den ihesaldirik handienaren bidea jarraitzen du. 1938ko maiatzaren 22an, gerra bete betean zela, Iruñerriko San Kristobalgo gotorlekutik 800 inguru preso antifrankistek ihes egin zuten. Berehala faxistek sekulako jazarpena antolatu eta ihesean ziren 200 lagun inguru atxilotu eta fusilatu zituzten. Azkenean soilik 4 presok lortu zuten ihesa gauzatzea eta Ezkabako gotorlekutik Urepeleraino iristea.

Ibilaldia 2020an Zestoako Udalak memoria historikoaren baitan egin zituen ekimenen artean zegoen, baina pandemiagatik bertan behera utzi behar izan zen. Orain, Agiro Mendi Klubarekin batera Ezkabatik Urepelerainoko lau etapak egingo dira. Lehenengoa maiatzaren 21ean egingo da: Berriozartik Olaberainoko 16 kilometroko ibilbidea Ezkabako gotorlekutik pasako da eta bertan preso izan ziren Agustin Unanue eta Pedro Areta Zestoarrak oroituko dira.

Ibilaldia bukatu eta gero Basaburuako Jauntsaratsen bazkaria izango da eta bertako haritz erraldoia ikusteko aukera ere izango dute parte hartuko duten herritarrek. Txangoaren kostua 25 eurotakoa da, (ikasle eta langabetuek 20 euro), garraioa eta bazkaria barne. Autobusa goizeko 7,30ean gurutzetik aterako da eta itzulera arratsaldeko 17,00 inguruan izatea aurreikusten da.

Izena Txoko Txiki okindegian eman daiteke maiatzaren 18ra arte. Kopuru mugatua izango denez, izena ahalik eta azkarren ematea gomendatzen da.