Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

 

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Barruko horrien irudia

Izenburu nagusia

Zestoako erlojuak eta kanpandorrea

Aplikazio habiaratuak

Zestoako erlojua 1879 [bideoa]

Sarrera

Engranaje bidez funtzionatzen zuten lehen erlojuak Erdi Aroan agertu ziren, baina ez zuten antz handirik gaur egunera arte iritsi zaizkigun dorre-erlojuekin. Elizetan eta bestelako eraikin publikoetan erloju mekanikoak jartzen XVI. mendean hasi ziren. Bestalde, pendulua XVII. mendean ezarri zitzaien erloju mekanikoei. Historikoki, oro har, erlojugintza mekanikoa errementarien lana izan da. Gune honetan Zestoako dorre-erlojuen inguruko hainbat informazio eskaintzen da.

Azken erloju mekanikoa -1

 

Zestoako kanpandorreko azken erloju mekanikoa

Zestoako Udalaren ordaintze-agindua Benito Yereguik parrokia-elizan jarritako erlojuagatik

Zestoako kanpandorrean 1879an jarri zuten azken erloju mekanikoa, hain zuzen ere. Betelun jaio, baina garai horretan Usurbilgo Aginagan bizi zen Benito Yereguiren marka darama erlojuak: “Por Benito Yeregui en Aguinaga de Usurbil en 1879. Siendo alcalde D. Manuel Izeta”. Guztira 750 pezeta jaso zituen bi epetan.

Erloju hori 2017ko abendura arte kanpandorrean aritu zen, 138 urtez, tximista batek behera jaitsarazi zuen arte.

Garai hartako erlojuen berezitasunak ditu. Zalantzarik gabe, artisau­-lan baten aurrean gaude; errementari baten eskua nabari da eta sutegiko lana ere agerikoa da zenbait piezatan. Egitura aldetik berriz, bi atal nagusi ageri zaizkio, hiru zutabetan banatuta: mugimendu atala edo erloju beraren muina eta soinu atala edo kanpai-hotsen eragilea. Mugimendu atala bi zutabetan banatuta dauka. Zutabe batean, besteak beste, gurpil inperiala, aingura, pendulua, etab. ageri dira. Bestean berriz, beste guztiaren gainetik orratz bakarreko esfera agertzen da; esfera horrek ez du ordurik adierazten, minutuak soilik adierazten ditu. Horrez gain, orratz horren bidez zuzentzen dira gerta daitezkeen aurrerapenak edo atzerapenak. Orduak eta ordu erdiak soilik jotzen ditu erlojuak.

Azken erloju mekanikoa -2

Yeregui erlojua

Bestalde, erloju horrek hainbat konponketa izan ditu gaur egunera arte; ez dakigu topatutako informazioaz gain beste konponketarik izango zuen. Horrela, 1926ko ekainaren 26ko udal batzorde iraunkorrean erabaki hau hartu zuten: Avisar al Sr. Yeregui de Zumaya que vea el reloj de la Parroquia y proponga el arreglo que procede hacer a la vez que el presupuesto.
Handik aurrera, ez dugu aurkitu erabaki horretan aipatzen den abisuaren erantzunik. Nolanahi ere, azarorako konponduta zegoen erlojua. Erlojugile donostiar baten 165 pezetako faktura aipatzen da udal agirietan.
Seguru asko, Zumaiako Yereguitarrengana jo zutenean, ezezkoa jasoko zuten, ordurako erlojugintza utzita izango zutelako. Horregatik joko zuten erlojugile donostiarrarengana. Erlojugile hori Angel Oruz izan zitekeen; izan ere, itxura denez, erlojuaren soinu atalaren gurpil inperialean 1926 Angel Oruz grabazioa agertzen zen azken garbiketa egin aurretik.

Handik urte batzuetara, 1998an, nahiko konponketa sakona egin zutela adierazi zion Domingo Lizaso Zabala garai hartako erloju­arduradunak Izaro Errazkini, herriko aldizkarian egin zion elkarrizketan. Urte horretan erlojua hondatu egin omen zen, eta Debako erlojugile Ostolaza ekarri zuten. Hark, onena erloju berria ekartzea zela esan omen zuen, eta milioi erdi pezeta edo kostako zela konpontzea; gainera, ez zela ondo jarriko gaineratu omen zuen. Baina Zarauzko Manuel Eizagirre ezaguna zuen Domingok, eta 50.000 pezetan konpondu zuen Eizagirrek. Dena desmuntatu eta zortzi ardatz­-zorro edo kaskillo berri ipini omen zizkion. Primeran gelditu omen zen. Konponketa horren berri ematen duen plaka itsatsita dauka erlojuak.
Azkenik, 2017ko abenduko tximistaren ondorioz, kanpandorreak, teilatuak, organoak… kalte larriak jasan zituzten. Baina badirudi, erlojuak ez zuela halako kalterik izan, zikinkeria dezente gainera erori bazitzaion ere. Hala, behera jaitsi zuten eta garbitu on bat eman zitzaion erlojuari, Xabier Alvarez Yereguiren ardurapean.
Ondoren, herritar talde batek, Udalaren eskariz, 2020an zenbait moldaketa egin zizkion herriaren aurrean erakusgai jartzeko.
Horrela, 2021. urte hasieratik aurrera Zestoako udaletxean kokatuta dago erlojua. Horretarako, giltzari eragiteko behar diren kableak eta pisuak kokatu zitzaizkion erlojuari; albo batean, kanpai koxkor bat ere jarri zioten, orduak eta ordu erdiak jotzeko, simulazioa ahalik eta errealena izateko; eta kanpandorreko esferara zihoan ardatzaren muturrera esfera bat konektatu zioten, ordua adierazteko.
Bestalde, 2020ko ekainetik aurrera Zestoako kanpandorretik erloju elektroniko batek zabaltzen ditu orduak herri osora.

 

Historia-fitxak

Herriko erlojuen lehen aztarnak

Beste herri askotan bezala, Zestoan ere, XVI. mendekoak dira erloju mekanikoen lehen aztarnak, oso informazio lausoa bada ere. Ez dago kontraturik eta erlojuari buruzko informazio zuzenik. Garai hartan, hemen inguruan Elgoibarko Marigorta errementariak agertzen dira erlojugintza lanetan. Ildo horretatik, agiri zaharrek diote 1529an Lilitarrek negozio harremanak izan zituztela Marigortatarrekin, baina ez dakigu tartean erlojuren bat izango zen, edota besterik gabe, bestelako errementari lanak izango zituzten eskuartean: adibidez, ate eta leihoetako burdin sareak.

Urte batzuk geroago, “1540ko urtarrilaren 21ean, asteazkenean, Zestoan, erlojuak eguerdiaren ondorengo ordu bata jo ondoren, Pedro Ibañez Irarragakoa eskribauak bakarrik egin zituen lanak…” aipatzen du Iñaki Azkunek (Zestoaren historia), herritarren arteko auzi bat zela tarteko; eta honela jarraitzen du Azkunek: “Zestoan, dirudienez elizan, kanpaikadak jotzen zituen erlojua bazuten ordurako”. Agian, horixe izango da orain arte aurkitu den gure herriko elizako erloju baten lehen aipamena, zuzeneko informazioa ez bada ere.

XVIII. mendeko erloju baten modeloa

Beste aipamen batzuk ere agertzen dira Iñaki Azkuneren liburuetan; hala nola: Migel Artazubiagak, 1546an, Zestoako Kontzejuari kobratzeko izendatu zuen bi mila maraiko zorra, erlojuaren bi urteko soldatagatik; 1550eko ordainketa bat Pedro sarrailagile-maisuari erlojuaren oinarriaren planoagatik ordaindu ziona; eta 1556an aizarnarrek adierazitako desadostasuna, Zestoako erlojua zaintzen eta gobernatzen zuenak kobratutakoa ordaintzen parte hartu nahi ez zutelako.

Kontuan hartu behar da, garai hartako erlojuek oso egitura sinplea zutela. Kanpaiak danga bakarra jotzen zuen edozein ordutan; orduko agirietan esaten denez, egurra zeharo hondatuta zeukan Zestoako elizak, eta hori gutxi balitz, kanpaiak nahiko goian ez egoteagatik ez ziren behar bezala aditzen urrutiko baserrietatik. Dena dela, Europako zenbait katedral eta udaletxetan XVI. mendean, dagoeneko hasita zeuden itxurazko erloju mekanikoak jartzen. Zestoari dagokionez ere, XVI. mende amaiera aldera, erlojuari buruzko informazio nahiko zehatzak agertzen zaizkigu, lehenbiziko aldiz. Horrela, Julian Serranok Danbolin aldizkarian jasotako informazioak, besteak beste, honako hau dio: «1592. urteko urriaren 28an, Pedro de Marigorta Zestoara etorri zen, lehengo erloju zaharra konpontzera. Agiriak esaten duenez, tratuan Joan de 0lascoaga, teniente de alcalde de la dicha villa i Gracian de Egaña, fiel síndico procurador ibili ziren, besteak beste.

Pedro de Marigortak bere gain hartu zuen erlojuaren konponketa eta sei urtean onik mantentzea. Bere pertsona eta ondarea jarri zituen tratuaren garantia gisa. Kontratua sinatu ondoren, bederatzi dukat eta zazpi erreal jaso zituen. Erlojuaren harriak hobeto finkatzeko bi eraztun bidaltzeko hitz eman zuen.

Udalak bere gain hartu zituen erlojuaren harriak jasotzea para que el relox no ande errado..

1600. urteko uztailaren 3an, berriro etorri zen Zestoara Pedro de Marigorta. Egin zuten tratua, sei dukat jaso zituen, eta bere gain hartu zuen erlojuaren mantenua (tener en pie, bien andante y corriente el dicho relox en seis años). Erlojua hondatzen bazen (se descalabre), udalak bilatu beharko zuen norbait erlojuaren harriak gora jasotzeko. Oraingoan ere, aurrekoan bezala, sutegia eta ikatza udalaren kontu»..

Erloju mekaniko modernoen garaia

Zalantzarik gabe, XVIII. mendea izango da gure herriko dorre-erlojuen kontuetan oparoena. Informazio ugari daukagu, nahiko zehatza, gainera. Harrizko dorrea ere garai horretakoa da, baita gaur egun daukagun esfera ere.

Horrela, itxura guztien arabera, 1737. urtea oso garrantzitsua izan zen Zestoako elizako kanpandorreari dagokionez. Alde batetik, Azkoitiko Lizarditarrek diseinatutako harrizko kanpandorre berria amaitu zuten; bestetik Herbehereetatik hiru kanpai ekarri zituzten..

Zestoako Kontzejua eta Frantzisko Lakarra erlojugile tolosarraren arteko auziaren sarrerako orrialdea

Hala ere, ez zuten erloju berririk jarri urte batzuk geroago arte. 1737 urte horretan lehengo erloju zaharra berritu eta konpondu egin zuten. Nahiko liskartsua gertatu izango zen konponketa hura. Izan ere, lehendabizi Frantzisko Lakarra erlojugile tolosarrarekin hitzartu zuten erlojua konpontzea. Lakarra prest zegoen berrogeita hamar ezkututan erlojua konpontzeko, baina beste hamar ezkutu eskatzen zituen garraio gastuetarako, erlojua Tolosara eraman eta bueltan ekartzeagatik.

Baina azkenean, Agustin Bau frantziarrari eman zioten konpontzeko lana, hura prest baitzegoen berrogeita hamar ezkututan Zestoan bertan erlojua konpontzeko, batere garraio beharrik gabe.

Hala ere, erloju konpondu horrek ez zituen beste berrogei urte iraun. 1774. urte hasieran, erlojua zaharkitua zegoela eta, zenbait konponketa egin zizkion Migel Garate erlojugileak, 3.100 errealen truke.

Baina zestoarrak ez ziren, nonbait, konforme geldituko eta urte horretan bertan, abuztuan, eskritura bat izenpetu zuten Guillermo Prada erlojugile durangarrarekin: erlojugileak bi erloju berri (Zestoa eta Aizarna) egiteko konpromisoa hartu zuen, 1775eko otsailaren amaierarako martxan jartzekotan.

Ordainetan Guillermo Pradak 7.600 erreal kuarto (reales de vellón) jasoko zituen hiru epetan, eta bi erloju zaharrak. Horrez gain, erlojuen berezitasun teknikoak ere zehatz-mehatz agertzen dira eskrituran.

Beste informaziorik ez dugunez, badirudi 1879ra arte aritu zela martxan, 104 urtez, Zestoako erloju hura, eta beste urte batzuk gehiago Aizarnakoa.

Kanpandorrea, esfera, orratzak

Zestoako eliz dorreko egokitze lanen planoa. Joseph Lizardi, 1735

Lehen erlojuek, egitura sinplea izateaz gain, ez zuten ez esferarik, ez orratzik. Orduaren seinalea soinu bidez soilik jasotzen zen garai hartan. Erlojuak hobetzen eta dorre sendoak eraikitzen hasi zirenean bihurtu ziren elizetako erlojuak benetako dorre-erloju.
Zestoari dagokionez, 1549ko sutean, eliza eta inguruko etxeak zeharo erre ziren; elizatik Lili sendiaren kapera salbatu zen. Horrela bada, teilatura arteko dorre zatia, hau da, erlojua baino beheragoko zatia, handik gutxira hasi ziren eraikitzen eta XVI. mende bukaeran amaitu zuten, elizarekin batera. Kanpandorreak, ordea, egurrezko egitura zuen, gainean lau isuriko teilatuarekin eta urte batzuk egin zituen egitura harekin. Baina iritsi zen dorre berria egiteko garaia ere. Hala, diru pixka bat eduki behar zuen parrokiak eta dorre berria egitera animatu ziren, zailtasun teknikoak zailtasun, gastuak gastu. 1734. urteko kontuak dira horiek. Bizpahiru urte lehenago eginak ziren Loiolakoak, eta esan behar da gureak baduela antzik hangoekin, batez ere, bi txikienekin. Joseph Lizardi azkoitiarra izan zen hargin-maisua. 20.500 erreal kuartoko aurrekontua aurkeztu zuen. Bi urte eskasean (1735-1737) amaitu zituzten lanak eta berehala jarri ziren hiru kanpai ere, Herbehereetatik ekarrita, Beduako portutik barrena. Agirietan zoragarri esplikatuta daude egin behar ziren lan guztiak. Harria, gehiena kare-haitza, inguruko harrobietatik ekartzeko agindua zuten harginek, baita sail pribatuetatik aterako bazen ere:
“Ez zaio inongo enbarazurik jarriko harginei harria ateratzeko nahi duten tokitik” diote agiriek. Harria zatituta ekartzen zuten plazara gurdi eta idi pareekin, eta plazan bertan ematen zieten behin betiko forma. Egurrezko aldamioek inguratzen zuten dorrea, eta polea bidez altxatzen zituzten harriak. Karea eta hondarra erabiltzen zuten piezak elkarrekin juntatzeko.
Ezertan hasi aurretik, egurrezko egitura zaharra zeharo desmuntatu eta lehen zeuden kanpaiak behera jaitsi eta zimitorioan jartzeko agindua zeukaten, egitura berri batean, obrak irauten zuten bitartean erabili ahal izateko moduan.
Plazako irudia honelako zerbait izan zitekeen: aldamioa dorrea inguratzen, harri mordoa plazan zabalduta eta harginak tiki-taka harriak lantzen, landutako harriak non eta nola kokatu behar ziren ondo markatuta, gora jasotzeko prest, eta, azkenik, goian muntaketa lanetan. Gauza handia eta ederra egiten ari ziren ziurtasuna edukiko zuten, eta ehunka urte iraungo zuena.

Kanpandorreko erlojuaren esfera (2020)

Harrizko kanpandorrea eraikitzearekin batera, plaza aldera harrian gaur egun ere hortxe dirauen zizelkatutako esfera egin zuten, gero orratzak jarri eta erlojuak nortasun nabaria hartuko zuen gure herrian. Ordutik aurrera, ordua, entzuteaz gain ikusi ere egin zitekeen.
Harrezkero konponketa batzuk izan ditu Zestoako kanpandorreak, aipagarriena, azkenekoa. 2017ko abenduaren 1ean tximista batek kanpandorrearen kupula erabat suntsitu zuen. Pare bat urte inguruko lanen ondoren, kanpandorreak lehengo itxura berbera hartu zuen.

...un remate de piedra correspondiente sobre las paredes que están levantadas... con calidad de que el suelo de campanas haya de estar algo más arriba que la cumbre del tejado de la dicha iglesia. Y las campanas más arriba para que se oiga la voz de ellas por todo el pueblo. Y su remate con media naranja de piedra con su pirámide...

...en el lienzo que mira la plaza, también se deberá formar un círculo, con su agujero en medio, para el demostrador del reloj como parece en dicho alzado...”
Joseph Lizardi, 1735

Erlojuaren arduradunak

Ardura izan zutenen izen batzuk ere eskuratu ditugu, horietako batzuen zehaztasun handirik ez badugu ere. Batzuk behintzat, elizako sakristau lanetan ibilitakoak izango zirela dirudi. Izen horien artean daude XIX. mende amaieran erlojuaren ardura aipatzen zaien Tomas Zulaika eta Bizente Ibarguren, eta XX. mende hasieran aipatzen diren Jose Kruz Mendia (1923) eta Antonio Larrañaga (1936).

Azken urteetako arduradunen berri zehatzagoak dauzkagu: Luziano Etxaniz 1970 arte aritu zen; Domingo Lizaso, berriz 1970-2001 urte bitartean, eta udal langileak 2001etik 2017ra. Horiek aritu ziren azken urteetan erlojuaren mantentze lanetan eta erlojuari giltza ematen.

Argazki galeria

01.- Zestoako Parroki Elizako azken erloju mekanikoa, kanpandorrean martxan zegoenean (2002ko argazkia) [© Danbolin] 01.- Zestoako Parroki Elizako azken erloju mekanikoa, kanpandorrean martxan zegoenean (2002ko argazkia) [© Danbolin].

02.- Zestoako Parroki Elizako azken erloju mekanikoa kanpandorrean martxan zegoenean (2002ko argazkia)  [© Danbolin] 02.- Zestoako Parroki Elizako azken erloju mekanikoa kanpandorrean martxan zegoenean (2002ko argazkia)  [© Danbolin]

03.- Zestoako Parroki Elizako azken erloju mekanikoaren harrizko pisuak kanpandorrean (2011ko argazkia)  [© Danbolin] 03.- Zestoako Parroki Elizako azken erloju mekanikoaren harrizko pisuak kanpandorrean (2011ko argazkia)  [© Danbolin]

04.- Zestoako Parroki Elizako erlojuaren kontrogailua, sakristian kokatua 2020an  [© Manuel Arregi] 04.- Zestoako Parroki Elizako erlojuaren kontrolagailua, sakristian kokatua 2020an [© Manuel Arregi]

05.-  Zestoako Parroki Elizako erlojuaren orratzen eragilea, 2020an kokatua, kanpandorrean 2017ra arte azken erloju 05.-  Zestoako Parroki Elizako erlojuaren orratzen ardatz eragilea, 2020an kokatua, kanpandorrean 2017ra arte azken erloju mekanikoa zegoen leku berean [© Manuel Arregi]

06.- Mikel Irure orratzak eta esferaren zenbakiak pintatzen, Erramun Etxaide Legoiaren begiradapean (2004ko argazkia)  [© Danbolin] 06.- Mikel Irure orratzak eta esferaren zenbakiak pintatzen, Erramun Etxaide Legoiaren begiradapean (2004ko argazkia)  [© Danbolin]

07.- Mikel Irure orratzak eta esferaren zenbakiak pintatzen, Erramun Etxaide Legoiaren begiradapean (2004ko argazkia)  [© Danbolin] 07.- Mikel Irure orratzak eta esferaren zenbakiak pintatzen, Erramun Etxaide Legoiaren begiradapean (2004ko argazkia)  [© Danbolin]

08.- Zestoako kanpandorreko kupularen konpontze lanak (2005eko argazkia)  [© Danbolin]08.- Zestoako kanpandorreko kupularen konpontze lanak (2005eko argazkia)  [© Danbolin]

09.- Zestoako kanpandorreko kupularen konpontze lanak (2005eko argazkia)  [© Danbolin] 09.- Zestoako kanpandorreko kupularen konpontze lanak (2005eko argazkia)  [© Danbolin].

10.- Zestoako kanpandorreko kupularen konpontze lanak (2005eko argazkia)  [© Danbolin] 10.- Zestoako kanpandorreko kupularen konpontze lanak (2005eko argazkia)  [© Danbolin]

11.- Zestoako kanpandorreko kupularen itxura, tximistak suntsitu ondoren. 2017ko abendua 11.- Zestoako kanpandorreko kupularen itxura, tximistak suntsitu ondoren. 2017ko abendua  [© Iñaki Albisu]

12.- Zestoako kanpandorrearen itxura, berritze lanak hasi berritan. 2018ko urtarrila 12.- Zestoako kanpandorrearen itxura, berritze lanak hasi berritan. 2018ko urtarrila [© Danbolin].

13.- Zestoako kanpandorreko kupula berritua, kanpairik gabe. 2019ko apirila 13.-Zestoako kanpandorreko kupula berritua, kanpairik gabe. 2019ko apirila [© Danbolin]

12.- Zestoako kanpandorrea eta erlojuaren esfera berrituak (2020ko argazkia) [© Oier Arregi] 14.- Zestoako kanpandorrea eta erlojuaren esfera berrituak (2020ko argazkia) [© Oier Arregi].

13.- Zestoako Parroki Elizako kanpandorrea, bere osotasunean, kupula berrituarekin (2020ko argazkia) [© Oier Arregi] 15.- Zestoako Parroki Elizako kanpandorrea, bere osotasunean, kupula berrituarekin (2020ko argazkia) [© Oier Arregi]

11.- Kanpai berritua. XVIII. mendean kanpandorrean kokatua, Herbehereetatik ekarrita. 2017ko abenduaren 1eko tximistak matxuratu ondoren, Kantabrian berritu zuten eta 2020ko otsailean berriro kokatu zuten kanpandorrean  [© Oier Arregi] 16.- Kanpai berritua. XVIII. mendean kanpandorrean kokatua, Herbehereetatik ekarrita. 2017ko abenduaren 1eko tximistak matxuratu ondoren, Kantabrian berritu zuten eta 2020ko otsailean berriro kokatu zuten kanpandorrean  [© Oier Arregi]

17.- Arriya (2011) filmetik hartutako zatitxoekin osatutako bideoa. Besteak beste, Zestoako kanpandorreko azken erloju mekanikoaren soinua eta irudiak ageri dira [© EITB]

Informazio iturriak

  • Julian Serrano Martin, Danbolin 134, 2012ko abendua
  • Iñaki Azkune Mendia, Zestoaren historia, 2006-2020
  • Joan Erentxun Onzalo, Apuntes históricos de la villa de Santa Cruz de Cestona, 1948
  • Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa (Oñati)
  • Izaro Errazkin Zinkunegi, Danbolin 16, 2002ko martxoa
  • Zestoako udal artxiboa
  • Jose Mari Zunzunegi Garmendia, La torre campanario de la Iglesia de la Natividad de María en Cestona. Boletín de estudios históricos sobre San Sebastián, 1983

 

Argazkiak/irudiak: Danbolin, Bizente Davila, Oier Arregi, Zestoako udal artxiboa, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa

Informazio osagarria