Santa Engrazia - Azala

Santa Engraziako ermita

Santa Engraziako ermita edo baseliza Urolaldeko paraje paregabean kokatua dago, Aizarnako mendi tontor baten gainean (507m), Zestoako udalerrian. Beste ermita ugariren antzera, Portugalen jaio eta IV. mendearen hasieran Zaragozan hil zuten Santa Garazi (Santa Engrazia) martiriaren izena darama ermitak.

Santa Engraziako Bentatik, oinez, ordu laurdeneko bidea besterik ez dago. Historia luzea du, Euskal Herriko baselizetan zaharrenetarikoa da, ezbairik gabe. Aizarnan eta Zestoako udalerrian sentimendu bereziak eragiteaz gain, bailara osoko ikur enblematikoetakoa da, oro har, herritarren artean, eta bereziki mendizaleen artean. Dagoen tokian egonagatik, herritarren auzolanari esker, egoera onean dago ermita. Ermita ingurutik Aizarna, Hernio, Izarraitz, Pagoeta eta itsasoaren ikuspegi paregabeaz gozatzeko aukera dago. Leku estrategikoan eraikitako eraikina da, Erdi Aroan Nafarroatik kostaldera zihoan bide baten inguruan, hain zuzen.

Kanpoaldetik begira jarrita, elizaren itxura baino gehiago gotorleku baten itxura hartzen zaio; luze-zabalean 10,54 x 15,68 m neurtzen du. Hormetan lau leiho eta sarrerako atea zabaltzen dira, guztiak ere gotiko estiloko arku zorroztunak. Sarreran harrizko ur bedeinkatu ontzi bat dago, gurutze lauso batekin. Itxura eta egitura oso xumeak ditu, auzolanean eraikitako baseliza gehienen moduan. Dena dela, kanpandorreak eta kanpaiak erakartzen dituzte, bereziki, bisitarien begiak.

Ermitaren barruan, aldare inguruan, erdian Santa Garaziren irudia eta Kristoren irudia (1975ean egindako mosaikoa) daude; eskuin aldean berriz, Santa Agataren irudia ageri zaigu. Ezkerraldeko horman Done Jakue eta San Ignazio Loiolakoaren irudiak kokatzen dira. Atzealdean, sartu eta eskuinera, San Paulo apostoluaren irudia dago, eta txokoan 1914. urtean hortxe kokatu zuten erloju bikain baten makineria agertzen da, beirate batek babestua. Gaur egungo eraikinaren barruko altuera gorena 5,85 metro ingurukoa da.

Informazio-iturriak: Manuel Arregi, Iñaki Azkune, Jon Egiguren (aizarna.com), Joan Erentxun, Iñaki Linazasoro, Luis Pedro Peña Santiago, Joxemari Zuntzunegi, Yeregui Elkartea

Noizkoa ote da ermita?

Santa Engraziako ermita (1907)

Sorrerari buruzko argibide gutxi daukagu. Zestoan apaiz egondako Hipolito Usabiagaren ustez, Santa Engrazia tenplarioek eraiki omen zuten, nahiz eta hori egiaztatzen duen agiririk ez den agertu. Tenplarioak 1119. urtean sortu ziren eta 1312an desagertu. Erromesei laguntzen zieten erdi-monje eta erdi-soldadu zirela esan daiteke. Beste zenbaiten iritzian baseliza, ermita izan aurretik, bestelako eraikin bat izan zitekeen, defentsarako eta inguruko eremuen zaintzarako erabiliko zuten gotorleku edo talaia moduko bat. Iritzi horren arabera, funtzio hori galtzean, ermita bilakatuko zen garai bateko eraikin zibila. Kristautasuna sartu aurretik jentil eliza ere izan omen zitekeen, baina horretan ez daukagu batere ziurtasunik, oraindik ez baita gai hori zientifikoki aztertu.

Horiek horrela, Iruñeko gotzain Adriani jaunaren zenbait adierazpen jaso dira. Santa Engrazia haren elizbarrutiko basilikarik zaharrenetakoa zela zioen. Aizarnako lehen parrokia-eliza izan zela uste da.

Dena dela, gaur gaurkoz, 1405ekoak dira lehen aztarna dokumentatuak. Vatikanoko artxibategian aurkitu zuten Benedikto XIII.a aita santuak Italiako Savonan sinatutako agiria. Latinez idatzitako agiriaren arabera, «Iruñeko elizbarrutiko Aizarnako parrokian dagoen Santa Engraziako ermitan otoitz egin eta kapera konpontzeko laguntza ematen zutenei, bekatuen barkamena lortzeko aukera eskaintzen zitzaien».

Santa Engraziako ermitaren panoramika - (Indalezio Ojanguren, 1961)

Bestalde, XVI. mendean Juan Sebastian Elkanok, hil baino hamaika egun lehenago, 1526ko uztailaren 26an, Victoria itsasontzian testamentua egin zuen; besteak beste, Santa Engraziako ermitarako urrezko dukat bat utzi zuen.

Badira XVII. mendeko zenbait agiri ere. 1600. urtean, adibidez, egoitza Santa Engraziako ermita zuen kofradia fundatu omen zuten. Aizarnako eliztar gehienak kofradia hartako partaide omen ziren. Zestoako artxibategian dagoen 1691ko agiri batek dioenez, Santa Engraziako serora Maria Perez Etxaidekoak lapurreta bat jasan omen zuen ermitan. Arropak, kaliza, janaria eta dirua harrapatu omen zuten lau lagunek, ermitaraino zaldiz igota. Emakumeari tratu txarra eman, eta hankak eta eskuak lotuta utzi omen zuten. Geroago, Joan Villa atxilotu omen zuten, ustezko lapurretako bat.

Ermitan serorak bizi izan ziren

Santa Engraziako ermitaren barruko aldea (Jon Egiguren, 2017)

Oñatiko artxiboetan Joxemari Zuntzunegik aurkitutako agirien arabera, garai batean «freira» delakoak egon omen ziren ermita zaintzen, serorak. Gurtza handiko eliza omen zen, eta jende askok uzten omen zuen diru-laguntza. XVII. mendeko «freira» batek ere honela dio: «Bizkaiko jaurerri osotik etortzen da jendea».

Ermitaren ondoan zegoen etxetxo batean bizpahiru «freira» bizi omen ziren, elizetako beharrei erabat lotuta zeuden emakume ezkongabeak. Gaur egun ere, suma daitezke aipatu etxetxoaren aztarnak.

«Freira» haien berri jakiteko, aipagarria da Oñatiko artxiboetan agertzen den hau: «Maria Etxegarai freirak bere kide Maria Zelaiari zapi zuri bat uzten dio testamentuan; baita limosnetan jasotako beste bostehun dukat ere ermitarako».

XVIII. mendean Karlos III.ak deuseztatu zuen ohitura hori. Dena dela, Santa Engraziako ermitak 1828ra arte eduki zuen serora-etxea. Hain zuzen, urte horretan, tximista batek suntsitu zuen etxea, eta, gainera, ermitazaina hil egin omen zen.

Garai batean, Santa Engraziako apaizak Txiribogan omen zuen bizilekua.

Etengabe berritze lanetan

Eguraldiak eta, bereziki, tximistak gogor jotzen duen tokian dago kokatua; horregatik, etengabe berritu izan da ermita, batzuetan berritze lan txikiak izan dira, beste batzuetan, aldiz, nahiko sakonak; askotan, auzolanean.

Berrikuntza guztien berri izatea zaila izango da, baina batzuen berri behintzat badakigu.

1405. urtea. Aita santuak kapera konpontzeko dirua ematen zutenei bekatuen barkamena ematen bazien, pentsatzekoa da, berrikuntzak beharko zituela ermitak.

1600. urtea. Badirudi gaur egungo baseliza urte horretan eraiki zela, aurrekoa tximista batek jo eta bertan kiskali baitzen. Orduan hartu bide zuen gaur egun duen itxura.

1974ko fatxadako berritze lanen planoak (Iñaki Azkune, 1974)

1771. urtea. Bereziki, kanpandorrea konpondu zuten. Berritze lanak 4.700 erreal kostatu omen ziren.

1828. urtea. Urte horretan ermitazainaren etxea suntsitu zuen tximistak. Pentsatzekoa da ermitak ere berritze premia izango zuela.

1896. urtea. Urte horretan Txomin Agirre ondarroar apaiz eta idazle ezagunak sermoia egin zuen Santa Engrazian. Aizarnarrek egindako berritze lanak goraipatzen dira sermoian. Ez daukagu berritze lanen xehetasunik.

1968. urtea. Hainbat lan egin ziren; besteak beste honako hauek:

  • Hormak barrualdetik masaz hartu.
  • Erortzeko zorian zegoen kanpandorrea finkatu eta erreteila egin.
  • Erretaula azpian hormaren kontra zegoen aldarea utzi eta aurrean, Kontzilioko erabakien ondotik, harrizko beste bat ipini zuten: orain dagoena.
  • Ermitaren sarrerako ateak ere berriak ipini zitzaizkion.
  • Ermitaren erdiko beste bi zutabe ipini ziren teilatuari eusteko; lehendik beste bi zeuden.
  • Korua kendu egin zen eta erloju-jira itxi.

1974-75. urtea. Aurreko berritze lanak (1968) ez zirela nahikoa izan ikusi zen, eta urtebete inguru iraun zuen berritze lan sakona egin zitzaion Santa Engraziako ermitari. Asteburuetan eta jaiegunetan gogor jardun zuen jendeak. Hirurogei lagunetik gora aritu ziren. Iñaki Azkunek 1974ko ekainean, berritze lanak hasi zirenean, eskuz egin zituen krokisetan hainbat xehetasun eskaintzen dira, ordura arte ermitaren egitura orokorra nolakoa zen jakiteko.


Horrela bada, hona hemen, 1974ko ekainetik 1975eko maiatza bitartean egin ziren hainbat lanen argibideak:

1974 eta 1975ean teilatua konpontzen

  • Lanik handiena, jakina, teilatu osoa berria ipintzeak eman zuen. Zaharra kendu zitzaionean, goiko aldean hormen lodiera neurtu ahal izan zen. Orduan ikusi zen ermitaren hiru horma (aldare aldekoa izan ezik) bikoitzak zirela, hau da, elkarren ondoan eraikitako bi pareta dituztela. Ustez, kanpoaldekoak dira zaharrenak eta lodienak, eta barrualdekoak agian berriagoak. Bi pareten lodiera guztira metro bat eta hogei zentimetro ingurukoa da. Horrela, zimenduak gogortu eta horma gainak jira guztian hormigoiz hartu ziren; bestalde, teilatuari lehen ez zuen hegala atera zitzaion jira osoan.
  • Lehen teilatuari euste zioten eta ermitaren erdian zeuden zurezko lau zutabeak kendu egin ziren. Haien ordez teilatuari eusteko ezkerreko hormatik eskuinekora orain dauden haritzezko bi zertxak (tijerak) ipini ziren.
  • Kanpandorreak ere lan asko eman zuen. Harri batzuk hautsirik zituen, erortzeko arriskuan zegoen kanpai astuna. Kanpaia kaltzatu egin behar izan zen, lana lasai egiteko. Gurutze berria ipini zitzaion, lehendik zeuzkan hiru gurutzeak kenduta.
  • Sarrerako atearen gainean zegoen leihoa aldatu egin zen; izan ere, ate gainean, fatxadaren erdian, bozina moduko zulo biribila zegoen, argia sartzeko. Adituek ziotenez ez zen egokia, ermitari gero jarritakoa zelako, eta konponbide onena ezkerreko horman (aldarera begiratuta) zegoen leihoa hara eramatea izan zen.
  • Tximistorratza ere konpondu zitzaion ermitari. Tximistari lurrerako bidea erraztu beharra zegoen, eta kobrezko kablea kanpandorretik haitzean beheraino luzatu zen, lurra ugariago zegoen lekuan muturra sakonago lurperatzeko.

1975ko berritze jaien txartela

  • Barrualdeari ere txukundu sakona eman zitzaion.
    Erretaula zaharra kendu egin zen, eta berria egin mosaikoz; hori Jose Luis Iriondoren eta Jesus Huarteren lana izan zen. Erretaula zaharra kendutakoan, eskuinean, beste leiho gotiko bat agertu zen. Hura ere moldatu zen; besteak beste, koloretako beiratea jarri zitzaion.
    Bestalde, barruan zeuden irudiak berritzera bidali ziren. Eta elizbarrutian jasota zegoen San Ignazioren irudia gehitu zitzaion ermitari.

2010. urtea. Kanpandorrea konpondu eta itoginak kendu.

2017. urtea. Santa Engraziako erlojua zaharberritzeko lanak zirela eta, ermitaren inguruan hainbat berritze lan egin ziren:

  • Bentatik ermitara bitarteko bidea txukundu egin zen. Ermita kanpoaldeari ere txukundu on bat eman zitzaion. Sastrakak eta txarakak kendu eta ikuspegi hobea geldi zitzaion iparraldera.
  • Teilatuan, bereziki kanpandorre inguruan egin ziren berrikuntzak: itoginak kentzeko lanak, kanpandorrea bera eta kanpaiaren euskarria gogortzea eta finkatzea, kanpaia jotzeko mailuaren euskarria ere berria egin zen...

2017an kanpandorrea konpontzen (Asier Leon, 2017)

  • Tximistorratz berria jarri zitzaion ermitari. Teilatuan eta kanpandorrean instalazio berria egin zen. Kobrezko kablea luzatzeko, berriz 1975ean luzatutako kablea baliatu zen. Dena dela, bukaeran, lehengoaz gain, lur-konexioko beste pika batzuk sartu ziren.
  • 1980ko hamarkadan jarritako argindarraren hargunean moldaketa batzuk egin ziren. Argindarraren kablea zuzenean ermitaren hormara zihoan, eta horman bertan kokatuta zegoen kontagailuaren kaxa ere. Kablearen azken metroak lurperatu eta kanpoko hormako kaxa aldatu egin zen, ermitaren horma garbi utziz.
  • Barrualdean ere txukuntze lan batzuk egin ziren: erlojuaren kokapen-txokoa erabat berritu, aurrealdea pintatu, zoruaren zati bat berritu, santuen irudiak garbitu eta txukundu, etab.

XVI. mendetik datorkigun oihartzuna

Bereziki aipatzekoa da Santa Engraziako kanpaia. Brontzezkoa da, diametro handiena 1.420 mm-koa du eta guztira 1.325 mm-ko altuera dauka. Ez da oso ohikoa halako kanpaitzar bat mendi tontorrean kokatutako ermita baten jartzea. Bostehun kilotik gora pisatuko ditu; agian, tona bat ere bai.

Kanpaiaren bueltan latinezko hiru inskripzio dauzka, hiru zirkunferentzia paralelo eta horizontal osatuz:

A FULGURE ET TEMPESTATE LIBERANOS DNE. ANO DNJ MDLI
ESISTENTS. VICARIUS DE URVIETA JOANES DE LECU- BERI
ME FECIT
MENTEN SANCTAN ESPONTANE IN HONOREM DEO ET PATRIE
LIBERACIONEM VOX MEA SIT TERROR OMNIUM DE MONIUM V
OX DNJ SONAT
ECCE CRUCEM DNJ FUGITE PARTES ADBERSE VICIT LEO DE
TRIBV JVDA RADX DABID ALLA XPS VINCIT XPS REGNAT XPS IMPERAT XPS
TEMTESTATEN MALAM DESTRUAT

Lehen inskripzioan tximista eta ekaitzetatik babestea eskatzen zaio Jainkoari (beti izan da tximista-lekua Santa Engrazia), eta ondoren kanpaia nork eta noiz egina den adierazten du. 1551. urtekoa da, eta Urbietako bikarioaren aginduz egin zuen Joanes Lekunberrikoak. Altzolarats bailara adierazi nahi du kanpaiko Urbieta horrek. Beraz, bailara horren ardura zuen bikarioak.

Bestalde, Santa Engraziako kanpaiak badu elezahar edo kondaira bitxi bat. Ermitako bide malkartsuan kanpaitzarra gora jasotzeko idi pareak eragozpenak izango zituela eta, Apategi baserriko ahariak jaso omen zuen kanpaia ermitaraino. Gaur egun ere halaxe kontatzen da elezahar hori.

Kanpai-mihi sendo askoa ere badu kanpaiak. Behetik sokaz tiratuta eragingo zioten, baina aspaldian geldirik egon da; mutu mantendu da, erlojua jarri zutenetik seguru asko.

Bailararen taupadak

Santa Engraziako ermitak badu altxor berezi bat. XX. mendearen hasieran erloju bikain bat kokatu zuten ermitan gure aurrekoek. Xehetasun handirik ez daukagu, baina pentsatzekoa da inguruko baserritarren eta apaizaren ekimenez kokatuko zutela erlojua. Izan ere, garai hartan, baserrietan ez zen ohikoa erlojua, eta bailarak beharko zuen orduen erreferentzia, eta Aizarnako elizako kanpai-hotsik ez da entzuten Santa Engrazia bailaran.

Erlojuaren lehengo egoera (Itxaso Lopetegi, 2016)

Zumaiako Yereguitarrek jarria da, erlojuak berak garbi adierazten duen moduan: YEREGUI Y CIA CONSTRUCTORES ZUMAYA. AÑO 1914. Yereguitarrak XVIII. mendearen amaieran hasi ziren erlojugintzan. Jatorriz nafarrak izanagatik, yereguitarren familiako adar bat Zumaian kokatu zen Usurbilgo Aginagatik iritsita. Benito Yeregui Goldarazena da adar horretako ordezkari nagusia. Familia-adar horri laurogeita bat erloju kontatu zaizkio, gehienak Aginagan eginak. Hain zuzen, Santa Engraziako erlojuak 81 zenbakia darama. Benito hil ondoren jarri zuten Zumaiako yereguitarrek erlojua ermitan.

Morez erako kanpandorre erlojua da. Seguru asko yereguitarrek Frantziako Morez herritik (Jura eskualdea) ekarriko zuten erlojua eta ermitara egokitu. Izan ere XX. mende hasieran mota horretako erlojuen garaia pasatuxea zegoen. Yereguitarrak ere diesel motorgintzan hasita zeuden buru-belarri.

Orduak jotzeko, kanpaiari kanpoaldetik mailu bat jarri zioten, erlojuari kable bidez konektatuta.

Hainbat urtetan hor aritu da erlojua ingurukoei orduak zuzen adierazten. Garai hartako erlojuen berezitasunak ditu. Hiru atal nagusi ageri zaizkio: mugimendu atala edo erloju beraren muina, soinu atala edo kanpai-hotsen eragilea, eta hirugarrena kanpai-hots berezien (matutia, angelusa...) eragilea. Lehen bi atalak martxan ezagutu ditugu eta askotan entzun ditugu orduen, orduen errepikapenen eta ordu erdien kanpai-hotsak. Inor ez da gogoratzen hirugarren atala inoiz martxan izan denik, baina erlojua, berez, horretarako ere prestatua dago.

Erlojua ermitan kokatu zutenetik, Santa Engrazia bentako Joxemari Azpeitia Odriozola Santangrazizarra (1896-1986) arduratu zen erlojua zaindu eta burdinazko pisuak jasotzeaz; bi egunetik behin joaten omen zen ermitara erlojuari pisuak jasotzeko giltzari ematera.

Santangrazizarrak 1980 inguru arte jarraitu zuen erlojuaren zainketa lanetan, biloba alboan zuela, harik eta Zestoara, alabaren etxera, jaitsi zen arte.

Joxe Orbegozo erlojuaren aurrean (Jose Luis Basterretxea, 1987)

Hala, erlojua gelditu egin zen giltza emateko laguna falta zuelako. Orduan, Erramun Etxaide Legoia zestoarrak, 1980ko hamarkadan, geldirik zegoen Santa Engraziako erlojua berriro martxan jarri zuen. Horretarako, giltza emateko sistema elektrikoa jarri zion erlojuari, Joxe Orbegozo eta beste hainbat lagunen laguntzarekin. Horixe izan zen erlojuaren pisuak jasotzeko lehen automatizazioa. Ordutik aurrera inork ez zeukan Santa Engraziara igo beharrik erlojuari giltza ematera. Dena dela, Erramunek hainbat urtetan jarraitu zuen ermitara igotzen, mantentze-lanak egin eta erlojua zaintzera. Horretarako, aurrez, argindarra sartu zuten ermitan.

Erramuni ezina etorri zitzaionean, Joxemari Azpeitia Rementeriak egin izan ditu erlojuaren zaintze lanak, aitonaren bideari jarraituz.

Pixkanaka, erlojuari arazoak pilatzen joan zitzaizkion, bereziki arazo elektrikoak, eta geldirik egon zen hainbat urtetan, nahiz eta tarteka martxan jartzeko ahaleginak egiten ziren.

Joxemari Azpeitia hainbat lagunekin jarri zen harremanetan, tartean Xabier Alvarez Yereguirekin (Zumaiako garai bateko erlojugileen ondorengoa). Azkenean, erlojuari zaharberritze sakon bat komeni zitzaiola ikusi zuten.

Horrela, hainbat lagunekin harremanetan jarri ondoren, Xabier Alvarezek Santa Engraziako erlojua auzolanean berritzeko proposamena aurkeztu zuen Zestoako udaletxean, 2016ko uztailaren 26an.

Santa Engraziako ermitako erlojua (Jon Egiguren, 2017)

Zenbait burubideren ondoren, erlojuaren zaharberritze lanetan parte hartzeko prest zegoen hainbat lagun harremanetan jarri ziren 2016ko irailean. Horrela, erlojua auzolanean konpontzeko lanak egingo zituen lantaldea osatu zen. Lantaldearen egoitza Lasaon kokatu zen.

Ermitan desmuntatu, eta irailaren 16an, erloju zaharra eta gainerako trepetak Lasaora jaitsi ziren traktorean. Hantxe egin ziren erlojuaren konpontze-lanak.

Harrezkero, lantaldea ia egunero biltzen zen goizetan Lasaon. Erlojua piezaz pieza erabat askatu beharra zegoen itxurazko zaharberritzea egiteko. Erlojuaren osagai guztiak garbitu, txukundu, konpondu eta berriro muntatu, horiexek izan ziren eginkizun nagusiak.

Erlojuari lehen garbitasun orokorra eman ondoren, muntatu egin zen funtzionamenduko probak egiteko.

 

Erlojua bere krislatezko itxituran (Jon Egiguren, 2017)

Erlojua berriro desmuntatu zen piezaz pieza. Oraingoan pieza guztien krokisak egin ziren, berritu beharreko piezak erabaki eta egin, pintatu behar ziren atalak pintatu, etab. Horiek guztiak eginda, abenduaren erdialdetik aurrera erlojua berriro muntatzeko lanak hasi ziren. Haritzezko euskarria edo bastidorea ere berri-berria egin zitzaion erlojuari. Horrela, 2017. urte hasieran erlojua bera berritzea erabat amaituta gelditu zen. Erlojuaren funtzionamendurako ezinbestekoa izango den koadro elektriko/elektroniko berria jartzea falta zen, erlojuaren bigarren automatizazioa finkatzeko.

Erlojua behar bezala Santa Engrazian kokatzeko, hainbat lan egin ziren. Lehengo itxitura zaharra erabat kendu egin zen. Erlojua ermitaren zoruan kokatzea erabaki zen; lehen bi metro eta erdi inguruko altueran zegoen. Giltza automatikoki emango zitzaionez, erlojuaren pisuek ez zuten beharko ibiltarte bereziki handirik.

Azken probak eta doikuntzak egin ondoren, Santa Engraziako ermitan kokatu zen, berriro, erloju zaharberritua. 2017ko uztailaren 2an erlojuaren zaharberritzea ospatzeko ekitaldia antolatu zen.

Ordutik aurrera, kristalez inguratutako itxitura baten barruan dago erlojua. Hartara, ermitara joaten direnek erloju berritua bertatik bertara ikusiko dute martxan.

Santa Engraziako elezaharrak

1932ko abuztuaren 14ko Argia aldizkarian argitaratutakoa

Santa Engraziako ermitak duen historia eta dagoen tokian kokatuta egonda, nahitaezkoa dirudi mitoen, elezaharren eta kondairen zipriztinak jasotzea. Kanpaiari buruzko atalean aipatzen da Apategiko ahariak kanpaia garraiatzeko izan omen zuen indarra. Hori bezain ezaguna ez bada ere, bada beste elezahar bat. Santa Engraziako ermita nola eraiki omen zuten kontatzen du. Kontakizunaren oinarria Euskal Herriko beste hainbat elezahar klasikotan agertzen da. Horrek indar berezia ematen dio Santa Engraziari. Elezahar klasiko bat Santa Engraziara egokitu izanak herritarrek aspalditik ermitari izan dioten miresmena agertzen du, besteak beste.

Elezahar hori 1932ko abuztuaren 14ko Argia aldizkarian jasota dago. Ertxiña goitizenarekin izenpetzen duen aizarnar batek Santa Engraziaren inguruko hainbat bizipenen eta jakingarrien berri ematen digu aldizkarian. Apategiko ahariarenaz gain, beste elezahar bat aipatzen du.

Elezaharrak dioenez, Aizarna inguruko jendea, eliza bat behar zutela eta, egokia iritzi zioten leku batean hasi omen zen eliza egiteko lanetan. Hurrengo egunean ere joan omen ziren bezperan hasitako lanari jarraitzeko asmoz. Baina han ez omen zuten egindako lanaren aztarnarik topatu.

Non egongo, eta urruti samar, harkaitz tontor batean topatu omen zituzten bezperan beste leku batean egindako lanen aztarnak. Tresnak hartu eta berriro bezperako lekura eraman omen zituzten lanean jarraitzeko. Baina biharamunean, bezperako gauza bera gertatu omen zitzaien.

Zer madarikazio gertatzen ote zen jakin nahian, gauean, zelatan jarri omen ziren Ostolatza eta Zabala baserrietako nagusiak. Haga galanta eskuetan, pago banaren atzean ezkutatu omen ziren bi aizarnarrak lapurren zain.

Hala, gauerdi aldera, han agertu omen ziren lapurrak eta lehiatsu hasi aldaketa lanetan. Baina lapur usteko haiek ez zirela gizakiak ohartu ziren, aingeruak ziren nonbait. Haietako batek, gainera, hala esan omen zuen haserre antzean:

«Aida txuria ta aida beltxa; zelatan dagonan begia irten begio ta zazpi gizalditan etxe oyetan ez da izango mutu ta itxu-paltarik»

(Aida Txuria eta aida Beltxa; zelatan dagoen horri begia irten bekio, eta zazpi gizalditan etxe horietan ez da izango mutu eta itsu faltarik.)

Hurrengo goizean tontorrera jo omen zuten aizarnar langileek egindakoaren bila, eta zeruaren ahotsari jarraituz, hantxe jaso omen zuten zaindaritzat hartu zuten Santa Engraziako eliza. Aingeruaren esana ere beti bete izan omen da, aipatutako bi baserrietan. Hala kontatzen omen zuten Aizarnako zaharrek.

aizarna.com