Berriak
Atzealdea

Zestoarren etxebizitza beharrak ezagutzeko inkesta bat egingo du udalak

Etxebizitza politikan jauzi kualitatibo bat eman nahi du Zestoako Udalak, etxebizitza espekulazio-bide izatetik eskubide izatera pasa dadin. Horretarako, etxebizitza parke publiko bat eraikitzeko aukerak aztertzen ari da.

2020·01·21


Etxebizitza politika berria egiteko ezinbestekoa izango da herritarren laguntza, izan ere beharrezkoa da zestoarren beharrak ezagutzea behar den bezalako politika bat egin eta garatzeko. Bide horretan, inkesta bat prestatu du udalak.

 

Aste honetan argitaratuko da inkesta eta otsailaren 10era bitartean bete ahal izango da. Aste honetan Danbolin herri aldizkariarekin batera jasoko dute postontzietan inkesta herritarrek. Euskara hutsean egongo da inkesta, baina gaztelerazko eredua nahiago dutenek udaleko harreran eskatu eta eskuratzeko aukera izango dute.

 

Online bete nahi dutenek eskuragarri izango dute inkestarako esteka udaleko webgune honetan bertan eta Danbolin herri aldizkariaren webgunean.

 

Inkesta etxebizitza bakoitzean bizi den familia unitateko kide bakarrak bete beharko du.