Berriak
Atzealdea

Zestoa 2030

Prentsa-oharra

2020·11·19


Zestoaren hurrengo 10 urteetarako Herri Plangintza definitzeko prozesua jarriko du abian Zestoako Udalak. Hasteko, Zestoak dituen ezaugarrien eta egungo egoeraren azterketa bat egingo da; behin diagnostiko hori eginda,  etorkizunera begira herri gisa zein norabide hartu, herrigintzaren arlo bakoitzeko lehentasunak markatu eta Udalaren hurrengo 10 urteetarako ibilbide orria jasoko duen Herri Plangintza idatziko da. Arlokako Plangintzak egin izan dira baina une honetan, Udalaren eskumenekoak diren arlo guztiak bilduko dituen plan orokor baten beharra duela ikusi da Udaletik; arlo guztiak batera hartu, arlo ezberdinen arteko sinergiak bilatu, Zestoak udalerri gisa dituen aukera estrategikoak zein diren identifikatu,  Udalaren aurrekontu eta baliabide ahalmenak zenbatekoak diren neurtu, lehentasunak non jarri behar diren ikusi eta Udalaren orain arteko kudeaketa eredua hobetu daitekeen ere aztertuko da.

Oraingo legegintzalditik haratagoko Plan Estrategikoa izango da eta Zestoko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko ezberdinetako ordezkarien babesarekin jarriko da martxan proiektu hau.

SIADECOren gidaritza eta laguntza teknikoarekin garatuko da, eta Zestoako Udalak,  Gipuzkoako Foru Aldundiaren Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzaren laguntza jaso du prozesu honetarako.

Aukera bat baino gehiago eskainiko zaie herritarrei  prozesu honetan parte hartzeko:

  1. Online bidez: galdetegi hau beteta Online galdetegiari erantzuteko epea, abenduaren 18ra artekoa izango da.

    b) Posta elektronikoa erabilita: zestoa2030@siadeco.eus 

    c) Siadecora deituta (943 310 034) edo idatziz (zestoa2030@siadeco.eus)

 
Bi fase nagusitan gauzatuko da Zestoa2030 Herri Plangintza:

    1- Diagnostikoa: azaroaren 20tik abenduaren 23ra,

    2- Jarduera-plana: 2021eko martxoaren amaierarako bukatua egongo da.