Berriak
Atzealdea

Udako kultur eta kirol egitaraua antolatzeko bilera zabala egingo da datorren asteazkenean

Bilera maiatzaren 5ean egingo da, arratsaldeko 19:00etan eta parte hartzeko aurrez izena eman beharko da

2021·04·30


Zestoako Udalak bilera deialdi zabala egin du udako kultur eta kirol egitaraua osatzeko asmoz. Maiatzaren 5an izango da hitzordua, arratsaldeko 19:00etan, eta bileran parte hartu nahi duten herritarrek aurrez eman beharko dute izena.

Duela bi aste jakinarazi zuen Zestoako Udalak herriguneko zein auzoetako jaiak bertan behera uzteko erabakia. Nolanahi ere, herriko bizitzari eta kultur arloari bultzada emateko asmoz, iaz egin zen bezala, udan zehar kultur eta kirol egitarau berezi bat antolatzeko asmoa du udalak, "Udan zer Zestoan?" egitasmoaren baitan.

Programazioa lantzeko eta proposamenak jasotzeko bilera egingo da eta interesa duten herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu nahi ditu udalak, bai herrigunekoak eta baita auzoetakoak.

Aurrez eman beharko da izena

Hitzordua maiatzaren 5ean izango da, 19:00etan, Kultur Etxeko atarian. Antolaketa kontuak direla eta, komenigarria da aurrez izena ematea. Horretarako, zestoakultura@gmail.com helbidera idatzi beharko da, "Udan Zer maiatzak 5" izenburua jarriz eta izen-deiturak eta telefonoa adieraziz.