Berriak
Atzealdea

Merkataritza txikia indartzea helburu

Herri guneetako merkataritza indartzeko sentsibilizazio kanpainaren aurkezpena egin dute merkatariek Zestoako Lili Jauregian

2018·02·09


Urola Erdiko merkataritza mahaiak elkarlanean landutako sentsibilizazio kanpainaren aurkezpena egin da Zestoako Lili jauregian, eta Azkoitia, Azpeitia eta Zestoako merkatari askok parte hartu dute ekitaldian.
Urola erdiko merkataritza mahaiak sustatutako ekimena izan da, eta lankidetza gune honek, eskualdeko merkataritza txikia indartzeko ekimen bateratuak antolatzea du helburu. Egun, gune horretako partaide dira, Azkoitiako Udala, Azpeitiako Udala, Zestoako Udala, Dendartean -Gipuzkoako merkatari, ostalari, zerbitzu enpresa eta autonomo elkarteen bilkura-, Herrixen -Azkoitiko Merkatarien Elkartea-, Bertan -Azpeitiko Merkatarien Elkartea-, Zestoan –Zestoako Merkatarien Elkartea- eta Iraurgi Berritzen –Urola Erdiko Garapen eta Berrikuntza Agentzia-.
Hiru herrietako merkatari elkarteetako ordezkariek, Karmele Zabaleta, Uxoa Aizpuru eta Itziar Ezenarrok aurkeztu dituzte kanpainaren nondik norakoak. Jose Mendizabal Zestoako alkateak, bertaratuei ongietorria egin eta herri guneetako denda txikiek herritarrei ematen dieten zerbitzuaren garrantzia azpimarratu du.


Denda txikiek gertuko zerbitzua eskaintzen dutela eta herrian bertan erosketak egitea oso erosoa dela, horiek izango dira kanpainaren bi mezu nagusiak. Horrez gain, merkataritza tradizionalak eskualdeko ekonomian eta herri guneen bizitza sozialean berebiziko garrantzia duela ere adieraziko da.


Datozen egunetan –otsailak 14, 16 eta 21-, sentsibilizazio kanpainaren 3 bideo labur zabalduko dira sare sozialetara eta tokiko komunikabideetara; eskualdeko zinema aretoetan ere ipiniko dira bideo horiek.


Behin sentsibilizazio kanpaina hau amaitzen denean, eskualdeko merkataritza mahaiak, eragile ezberdinen arteko elkarlana bultzatu eta ekimen gehiago antolatzeko lanean jarraituko duela ere esan da Lili Jauregian egindako aurkezpenean.