Berriak
Atzealdea

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Zestoako Udalaren aurkako ebazpena berretsi du

Zestoako Udal Gobernuak agerraldia egin du epaiaren inguruko argibideak emateko.

2021·05·26


Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Zestoako Udalaren aurkako ebazpena berretsi du eta epaiaren berri emateko agerraldia egin du Zestoako Udal Gobernuak.

Gertakariak Ekainberri museoa eraiki aurretik udalak lurjabeekin sinatu zuen hitzarmenean dute oinarria. 1999an sinatu zen hitzarmen hartan, museoa eraiki zen lurrez gain, lur-jabeen familiako kide baten lanpostua ere negoziatu zen. Geroztik, legealdi ezberdinetan hitzarmen haren baitako gorabeheraren bat izan bazen ere, Zestoako Udalaren aurkako demanda ez zen 2017ra arte sartu.

Aurreko legealdiaren amaieran izan zen epaiketa Azpeitiko auzitegian eta bertan udala ia 500 mila eurotako kalte-ordaina ordaintzera zigortu zen, bere garaian hartu zituen konpromisoak ez betetzeagatik. Epai hari errekurtsoa jarri zion Zestoako Udalak eta, errekurtsoari erantzunez, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak epai haren zatirik handiena berretsi du: udalak 410 mila euro ordaindu beharko dizkio norbanako bati, bere garaian eskainitako lanpostua ez betetzeagatik.

"22 urte geroago udalak dirutza hori ordaindu behar izatea ikaragarria da. Hau gertatu bada, gauzak ikaragarri gaizki egin zirelako da baina, hala ere, epai hau sekulako bidegabekeria izan da, udalarentzat inoiz lanik egin ez duen bati dirutza hori ordaindu behar izateak ez dauka ez hanka eta ez buru" adierazi du Mikel Arregi alkateak.

Jarraian ikusgai Udal Gobernuaren agerraldia: