Berriak
Atzealdea

Atzeratu egingo da oroimen astea

Herrian izan den koronabirus kasuen agerraldia dela eta, momentuz bertan behera geratuko dira aste honetarako programaturik zeuden hitzaldia eta oroimen bulegoa.

2020·09·21


Pasa den astean eman zitzaion hasiera, bigarrenez, oroimen asteari eta ekimenaren baitan programaturiko ekitaldiak berriro atzeratzea erabaki du Zestoako Udalak, herrian izan den koronabirus kasuen agerraldia dela eta. Aurreko ostiralean iragarri zuen udalak igandean egitekoa zen omenaldia atzeratu egingo zela eta gaur iragarri du aste honetako ekitaldiak ere, momentuz, bertan behera uztea.

Aurreko astean, irailaren 16an, eman zitzaion hasiera oroimen asteari, Lourdes Herrasti historialariak emandako "Errepresioa genero ikuspegitik" izenburudun hitzaldiarekin. Hilaren 17an jarri zen martxan Oroimen Bulegoa. Dena den, koronabirusak eragindako egoerak behartuta, igandean Bigarren Errepublikako Zestoako azken udal korporazioari egitekoa zen omenaldia atzeratzea erabaki zen.

Aste honetako programazioa ere, bertan behera

Herriak bizi duen egoera ikusita, aste honetarako programaturikoak ere momentuz ez egitea erabaki du udalak. Hain zuzen, bertan behera geratuko da irailaren 23an, asteazkena, Karlos Almorza historialariak ematekoa zuen "Euskal nazionalismoaren aurreneko erresistentzia: Saseta Defentsa Sistema" izenburudun hitzaldia.

Irailaren 24an zen oroimen bulegoa irekitzekoa, bertan testigantza edo informazioa eman ahal izateko, baina hau ere atzeratu egingo da. Dena den, testigantza edo informazioa eman nahi duenak telefono edo posta elektroniko bidez egin ahal izango du, 943 466 142 telefonora deituta edo memoria@aranzadi.eus helbidera mezua idatzita.