Zestoa Elkarrekin Eraikiz - logoa
Bukatu da aurtengo Zestoa Elkarrekin Eraikiz prozesua
Bukatu da aurtengo Zestoa Elkarrekin Eraikiz prozesua
2020ko aurrekontuei begirako Zestoa Elkarrekin Eraikiz izeneko prozesua aste honetan amaitu da, bigarren saioa egin denean eta, herritarrek hala erabakita, 2020ko aurrekontuetako inbertsioen ataleko 50.000€ sei proiektutara bideratuko dira.
Ezarritako araudia jarraitu eta herritarrek emandako bozketaren ondorioz. Horietako bi, hirigintza multzoari dagozkio. Beste bi Aizarnari egokitu zaizkio. Kultura eta Gurasoak multzoetako proposamen bana onartu da. Hortaz, Orokorra eta Arroabekoa izan dira, exekuzio fasetik kanpo geratuko diren multzo bakarrak. Guztira 50.491,42€-ko aurrekontua beteko lukete onarturiko proposamenek. Azterketa geografikoa eginez gero, ekimen honen aurrekontuaren ia erdia, 24.980,45€, Aizarnara bideratu da eta beste erdia, 25.510,97€, Zestoako erdigunera.
Zehazki, sei proiektu hauetan inbertituko da aurrekontu parte hartzaileei dagokien partida:
- Erdiguneko pasabideetako koxkak kentzea (6.225,21 €)
- Kultur ekintzetarako gela eta ikasgela (4.308,74 €)
- Uztapide plazako umeen parkea berritu (9.438,00 €)
- Lurrazpiko pasabideko argiteria eta margoketa (5.539,02 €)
- Aizarnako Kultur Etxeko berogailua (3.260,95 €)
- Aizarnako plazako zuloen konponketa (21.719,50 €)
Azkenengo 5 proposamenak, aurrekontu parte-hartzaileetara bideratutako 50.000€-ak jada agorturik zeudelako baztertu ziren. Zubiaurre guneari loturiko ekimenari dagokionez, Uztapide plazakoarekin berdinduta zegoen eta azken honek aurrekontu txikiagoa izanik, 4. postura bultzatu zuen. Zubiaurreko ekimena 4. postura jaitsi ondoren, 50.000€-ko langa gainditzen zuelako izan zen alboratua. Bionden proposamena, multzo bereko (hirigintza) hirugarren ekimena zelako baztertu zen. Ekimen hau, lurrazpiko pasabidearekin berdinduta zegoen baina bigarren honek aurrekontu txikiagoa izanik, sailkapenean behera egin zuen. Hurrenkeran, hurrengo proposamena bazen ere eta 50.000€-ko muga gainditzen ez zuen arren, bere multzoko hirugarren izatera pasa zen.
Zestoa Elkarrekin Eraikiz aurrekontu parte-hartzaileen bigarren saiorako deialdia
Zestoa Elkarrekin Eraikiz - Bilera deia
Zestoako Udalak, 2020ko aurrekontuetako inbertsioen ataleko 50.000€ bideratuko ditu, herritarrek, prozesu parte-hartzaile baten bitartez erabakitako proiektuak gauzatzera. Zestoa Elkarrekin Eraikiz izena hartzen duen prozesua bi lan-saiotan egikaritzen da. Lehendabiziko saioa iragan azaroaren 20an burutu zen eta guztira 30 herritar baino gehiago batu zituen, udaletxeko areto nagusian. Guztira, 36 izan ziren, herritarrek aurreneko saioan egin zituzten eskaerak.
Abenduaren 17an, 19:00etatik 21:00etara, Udaletxeko areto nagusian burutuko den bigarren saioan, zestoarrek, egindako proposamen guztien artean, izendaturiko 50.000€ak zertara bideratuko diren aukeratuko dute. Bigarren saio honetan, herritarrek, azaroaren 20an egindako proposamenen inguruko balorazioa jasoko dute aurrena. Dagozkien azalpenak aditu, eta bozketarako arau eta irizpideen berri izan ondoren, herritarrek, aurrera egin duten proposamenen artean bozkatzeko aukera izango dute.
Lehenik eta behin, bozka prozesutik kanpo geratu diren proiektuen berri emango dute udal ordezkariek. Horrenbestez, balorazio ekonomikotik kanpora geratu diren proiektu guztiak banan-banan azaldu eta ezezkoen zergatiak arrazoituko dira. Ondoren, hautaketa fasera igarotako proposamenen berri eman eta hauen noranahikoen azalpenak ere eskainiko dira. Guztira, herritarrek jatorrian egindako 17 eskaera ordezkatzen dituzten 13 proposamen zehatz dira bigarren saio honetan bozkatu ahal izango direnak. Azalpenekin amaitu eta segidan, kontuan hartuak izan diren proiektuen arteko hautaketa egiteko prozedura zehaztu eta bozketari ekingo zaio. Azkenean, saioa, lotesleak izango diren emaitzen aldarrikapenarekin emango da bukatutzat.
Honako hau da, abenduaren 17ko saioan, herritarrek aukeratu ahal izango dituzten proposamenen zerrenda:
• Aizarnako sarrera eta irteeran autoen abiadura moteltzeko koxkak jartzea
• Aizarnako Kultur Etxeko 2. solairuan berogailua jartzea
• Kultur ekintzetarako gela eta ikasgela egokitzea Portale kaleko udal eraikinean
• Arroabeko Narkis Balentziaga kalearen atzealdeko parkea berritzea
• Lizarraitz auzunean, lurrazpiko pasabidean sartu baino lehen, argiteria jartzea eta oinezko pasabidea berriz margotzea
• Euskal Herria plazaren birgaitzea, eserlekuak eta loreontziak jarri, egoteko toki izateko
• Zestoako erdiguneko oinezko pasabideetako zenbait koxka kentzeko lanak egitea
• Aizarnako frontoiaren eraikinean biltegi edo trastelekua egokitzea
• Ezenarrobidean, (Igartza eta Akoa artean) bide-babesak jartzea
• Uztapide plazako umeen parkea partzialki berritzea
• Aizarnako plazako errepideko zuloak konpontzea
• Kultur Etxeko areto nagusia proiekzioetarako egokitzea
• Zubiaurre gunean, erabilera anitzetako tokia egokitzea
Zestoa Elkarrekin Eraikiz ekimenaren bitartez herritarren parte-hartze zuzenari bidea irekitzen hasten zaion konbentzimenduarekin, Zestoako Udalak, datorren asteartean, abenduaren 17an, 19:00etatik 21:00etara, Udaletxeko aretoan burutuko den bigarren saioan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi die zestoar guztiei.