Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Web edukia bistaratu

Arroako erlojua 1862

Habiaratutako portletak
Web edukia bistaratu

Zestoako Udalaren eta Arroagoiko Herri Elkartearen babesean Santa Engraziako auzolan taldeak hainbat urtez Arroako kanpandorrean baztertuta zegoen erloju mekanikoa zaharberritu eta Herri Elkartean kokatu du, herritarren ikusgai, 2023ko urte hasieran.

Gune honetan Arroako azken dorre-erloju mekanikoaren inguruko hainbat zertzeladaz gain, erlojugintzako informazio gehigarria eskaintzen da.

Web edukia bistaratu

Dorre-erlojuak

Antzinako erlojuaEskumuturreko eta sakelako erloju pertsonalak asmatu aurretik, mekanismo konplexu eta astuneko erloju handiak asmatu ziren; herri eta hirietako dorre eta kanpandorreetan jartzen ziren, herritarrek eguneko orduaren berri izan zezaten. Gaur egunera arte iritsi dira gisa horretako erloju mekanikoak. Erloju horiek kanpai batera konektatzen dira. Pisu batek pendulu baten bidez erregulatzen den mugimendua sortzen du, eta engranaje-sistema baten bidez helarazten da mugimendu hori orduak eta minutuak seinalatzen dituzten orratzetara.

Engranaje bidez funtzionatzen zuten lehen erlojuak Erdi Aroan agertu ziren, baina ez zuten antz handirik gaur egunera arte iritsi zaizkigun dorre-erlojuekin. Elizetan eta bestelako eraikin publikoetan erloju mekanikoak jartzen XVI. mendean hasi ziren. Pendulua XVII. mendean ezarri zitzaien erloju mekanikoei, eta hori aurrerapen handia izan zen.

Gure inguruan, oro har, erlojugintza mekanikoa errementarien lana izan da. Gehienetan, errementari edo erlojugilearen izena jartzen zitzaien erlojuei, eraikitako urtearekin batera. Gaur egun, oraindik ere, martxan daude horrelako hainbat erloju. Dena dela, dorre gehienetan erloju mekaniko horien ordez bestelako erloju elektrikoak eta elektronikoak jarri dira, nahiz eta plazetatik ikusten diren esferak (orratzak eta zenbakiak), sarritan, bere horretan mantendu izan diren. Ordeztutako erloju zahar asko desagertu egin dira, beste batzuk kanpandorre bazterretan jarraitzen dute geldirik; eta beste batzuk berriz, zaharberritu egin dira herritarren aurrean erakusgai jartzeko.

 

Arroagoiko kanpandorreko azken erloju mekanikoa

Arroako kanpandorrean 1862an jarri zuten azken erloju mekanikoa. “Por Zugasti e hijo. Bilbao año 1862” dauka itsatsita metalezko xafla biribil batean.

Zugasti esfera

 

Garai hartako ohiko erlojuen berezitasunak ditu. Egitura aldetik, bi atal nagusi ageri zaizkio: mugimendu atala edo erloju beraren muina eta soinu atala edo kanpai-hotsen eragilea. Mugimendu ataleko zutabean, besteak beste, gurpil inperiala, aingura, ihes-gurpila, pendulua, pisua, etab. ageri dira. Soinu atalekoan berriz, gurpil inperiala, frenatze-palak, kremailera, karakola, pisua, etab. Armazoiaren kanpoaldetik esfera txiki bat agertzen da; esfera horrek ez du ordurik adierazten, minutuak soilik adierazten ditu. Esferako orratzaren bidez zuzentzen dira gerta daitezkeen erlojuaren aurrerapenak edo atzerapenak. Hain zuzen, esfera txiki horren xaflan agertzen dira egileen eta urtearen aipamenak. Orduak eta ordu erdiak soilik jotzen zituen Arroako erloju zaharrak.

 

 

Kanpandorrean

 

2000. urtera bitartean aritu zen Arroagoiko herritarrei ordua jotzen, 1862an jarritako erlojua. Harrezkero hogei urte baino gehiago egin ditu mutu eta geldirik, ondoan ezarri zioten erloju elektronikoarekin gela berbera partekatuz.

Zestoako Udalak eta Arroako herritarrek erlojua zaharberritzeko interesa azaldu zuten. Horretarako Santa Engraziako ermita eta inguruak zaintzen auzolanean aritzen den taldearekin jarri ziren harremanetan 2022. urte hasieran. Guztien artean erabaki zuten, erlojua zaharberritzea eta herritarren aurrean erakusgai jartzea. Auzolan taldeak lanak aurrera eramateko konpromisoa hartu zuen. Udalak eta Elizak agiri bat sinatu zuten, 2022ko maiatzean, erlojuaren jabetza edo arduraren inguruko xehetasunak adieraziz. Zestoako Jubilatuen Elkarteak ere babesa eskaini zion auzolan taldeari, taldekide batzuk elkarteko kide zirenez.

 

Zaharberritze lanak

Txartela

Horrela bada, 2022ko udan erlojua kanpandorretik jaitsi zen Herri Elkartera eta oinarrizko lehenbiziko garbitze lanak egin zitzaizkion. Baina bete-betean urriaren hasieran ekin zitzaien zaharberritze lanei. Erlojuak, 2000. urte ingurura bitartean, hainbat konponketa izan zituela nabari da; besteak beste, 1976an egindakoa. Honela dio erlojuari orduan jarri zioten txarteltxoak:

 

Erlojuari, urtetan, egin izan zaizkion berrikuntza eta konponketa horien artean aipatzekoak dira:

Pisuak elizan

  • Konpontze-lanetako batean errodamenduak jarri zitzaizkion, hondatutako ardatz-zorroen (kaskillo) ordez.
  • Mugimendu ataleko pisua hormigoizkoa dauka; pentsatzekoa da garai batean harrizkoa izango zuela, soinu atalekoa bezala.
  • Kremailera teinkatzeko kontrapisua jarri zioten. Lehenago, seguru asko, pletina bidezko gailua izango zuen.
  • Soinu ataleko gurpil lehenaren pinoi bat berrituta dauka.
 

Horrela bada, auzolan-taldeak, 2002ko urriaren hasieratik, hainbat berritze eta egokitze-lan egin dizkio erlojuari:

Berritzen

  • Garbitze orokor bat egin zaio. Erlojua piezaz pieza desmuntatu da, baita burdinazko bastidorea ere. Bastidorea garbitu ondoren, pintatu egin da lehendik zeukan kolorera hurbiltzen saiatuz. Gainerako brontzezko eta burdinazko piezei berniz kapa bat eman zaie.
  • Aurreko konponketaren batean jarritako errodamenduak hondatuak zeuzkan eta brontzezko dozena bat ardatz- zorro jarri zaizkio, originalen antzekoak edo.
  • Kremailera teinkatzeko kontrapisuaren ordez pletina bidezko gailua jarri zaio.
  • Egurrezko euskarri berria egin zaio, kokapen berrira moldatzeko.
 
 
 

Egokitze-lan horiez gain, erlojuari itxura ahalik eta errealena emateko, eta simulazio itxurazko bat izan dezan, lehen ez zeuzkan honako egokitzapen hauek egin zaizkio:

Berritzen

  • Kanpandorreko erloju-esfera (plazatik ikusten dena), hiru metro inguruko ardatz baten bidez mugitzen zuen erlojuak. Orain mekanismoa erlojuari berari itsatsi zaio, eta esfera (zenbakiak eta orratzak) berria jarri zaio, kanpandorrean dagoenaren simulazioa moldatzeko.
  • Kanpai sistemaren mekanismoa ikusarazteko kanpai txiki bat ezarri zaio erlojuari; horrela, erlojuaren funtzionamendu osoa argiago ikusiko delakoan.
  • Pendulua hiru metrokoa zeukan. Une honetan bi metrokoa egokitu zaio, leku arazoagatik. Horrek erlojua behar duena baino bizkorrago ibiltzea dakar. Dena den, behera lekua eginez gero, erraz moldatu daiteke erlojua denbora-erritmo errealera.

 

Arroako erlojuen historia

Arroako azken erloju mekanikoa

Zugasti aita-semeek Bilbon egina da Arroako erlojua, 1862an. Arrasaten jaiotako Jose Manuel Zugasti Bengoetxea (1792-1869) aita eta Bergaran jaiotako Faustino Balentin Zugasti Carcedo (1826-1882) semea dira erlojuaren xafla biribilean agertzen diren “Zugasti e hijo”. Arrasateko erlojugile familia bateko kideak ziren, baina Bilboko jardueragatik egin ziren ezagun erlojugintzan: Areatzako erlojugileak (Los relojeros del Arenal) deitzen zieten.

Erlojua Arroako kanpandorrean kokatu zuten garaiko daturik ez dugu aurkitu, ez Zestoako udal artxiboan ez beste inon, baina geroagoko zenbait kontu aurkitu dugu, bereziki erlojuaren ardura izan zuten pertsonei buruzko xehetasunak:

Arroako eliza

  • 1888-1897. Ignazio Zabaleta Aizpitarte ( +/- 1855) ageri da “erloju publikoaren” arduradun, urteko 25 pezeta jasotzen zituen; Arroako Motxoka kalean bizi zen.
  • 1899. Urte horretatik aurrera Jose Frantzisko Agirre Izetak (Aizarna, 1844) hartu zuen erlojuaren ardura. Arroako aguazila zen, eta erlojuaren arduragatik urteko 25 pezeta jasotzen zituen. Hori ere Motxoka kalean bizi izan zen.
  • 1923. Javier Agirre Uriari (Arroa, 1883) berriz, 27,50 pezeta ordaintzen zitzaizkion. Lanbidez, “alpargatero” agertzen da agiri batean, eta “aguazil” beste batean. Jose Frantziskoren semea zen.
  • 1949. Jose Maria Etxabe Zabalak (Itziar, 1898) urteko 60 pezeta jasotzen zituen, Aizarnako erloju arduradunak bezala. Zestoako arduradunaren pareko ordainketa eskatu zuen, baina ukatu egin zitzaion.
  • 1950eko hamarkada. Diru-ekarpena igotzea eskatu zuten udalerriko hiru parrokietako erloju-arduradunek, baina ez zitzaien ontzat eman.
  • Xxxxxxxxxx
  • Xxxxxxxxxx
  • 1990eko hamarkada. Erlojuaren azken zaintzaileak Mario Serrano Fernandez eta Jose Manuel Arregi Ibarguren izan ziren. Azken urteetan Mario bakarrik aritu zen lan horretan.

1862 aurretiko Arroako erlojuak

Zaharberritu den erlojuaren aurretik beste batzuk ere izan ziren Arroan, Debako parte zenean. Zenbait datu bildu ditugu.

Horrela, Joan Erentxunen apunte batzuetan, XVIII. mendearen bigarren erdialdeko eta XIX. mendearen hasierako zenbait datu agertzen dira. Datuak ez dira oso zehatzak, baina Arroako erlojuaren lekukotasuna adierazten dute.

Besteak beste, garai horretan egindako hainbat konponketen, garraioen eta bestelako lanen gastuak agertzen dira.

  • 1752. Erlojua kokatzeko Pasaiatik ekarritako oholak 163 erreal ordaindu ziren. Urte berean, lau erreal eman zitzaizkion Maiordomoekin hitz egitera etorri zen erlojugileari.
  • 1755. Erloju-gelako eta dorreko ateagatik 32 erreal ordaindu ziren.
  • 1756. Agustin Alkortari hamabi erreal ordaindu zitzaizkion, erlojua konpontzeko pieza Eibartik ekartzeagatik. Gregorio Apellaniz erlojugileak egin zuen pieza 38 errealean.
  • 1778. Donostiatik ekarri zen erlojuarentzako soka 142 erreal kostatu zen.
  • 1784. Ignazio Plazaolak tximistak matxuratutako erlojua konpondu zuela aipatzen da.
  • 1796. Joseph Plazaola errementariari hamar erreal ordaindu zitzaizkion erlojuaren katea konpontzeagatik
  • 1811.“Azpeitiko erlojugileari” eta “Iraetako errementariari” 241 erreal ordaindu zitzaizkien erlojua konpontzeagatik. Badirudi Plazaolatar horiek izan zitezkeela delako “Azpeitiko erlojugileak”. Beste agiri batean Ignazio Plazaola Errezilgo erlojua konpontzen agertzen da, garai bertsuan.

Aipatutako Erentxunen apunteetan agertzen denez, garai horretan erloju arduradunari urtean 70 erreal ordaintzen omen zitzaizkion Arroan.

Hitzarmena

 

Dena dela, 1839-1841 urteen inguruan, artean Arroa Debako auzo zen garaiko datu zehatzagoak dauzkagu. Horrela, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan topatu ditugun dokumentuetan (eskritura, hitzarmena eta ordainketa-gutuna) hainbat xehetasun agertzen dira. Hiru dokumentu horiek Debako patronatu kideek (udal ordezkariak eta eliz ordezkariak) eta Jose Maria Zugasti Arrasateko maisu erlojugileak sinatuta daude. Denen artean erabaki zuten Debako Parrokiarako erloju berria egingo zuela Zugastik, sei mila erreal kuartoren truke. Prezio horretan hainbat lan sartzen ziren, besteak beste: Debako erloju zaharra Itziarren kokatzea, eta Itziarko erloju zaharra Arroan kokatzea berritu eta konpondu ondoren. Bi erloju zaharren bi urteko mantentze-lanak ere prezio berean sartzen ziren. Arroako erloju zaharra erlojugilearen esku gelditu zen. Jose Maria Zugasti Bengoetxea hori Jose Manuel Zugastiren anaia zen.

Ordainketa

Ondorioz, agirietan agertzen denez, 1841eko uztailaren 14an Arroako Parrokian kokatuta gelditu zen Itziartik ekarritako erloju zaharra. Bistakoa da ez zuela asko iraun, izan ere handik hogeita bat urtera, 1862an, jarri zuten erloju berria Zugasti aita-semeek Arroako kanpandorrean. Ordurako Zestoako udalerriko parte zen Arroa; 1852tik da Arroa Zestoa udalerriko parte.

Zugastitarrak

Azkoitia San Martin

IX. mendearen erdialdean erlojugintzan bete-betean aritu ziren, inondik ere, Arroako azken erloju mekanikoaren egileak. Erloju batzuetan aitaren (Jose Manuel) izena soilik agertzen da, beste batzuetan aita- semeak aipatzen dira. Urola bailaran, lan dezente egin zutela dirudi, betiere Bilboko lantegitik. Hainbat erloju ditugu horren lekuko: Zumaiako San Pedro parrokian jarritakoa (1945), Loiolako Basilikakoa (1854), oraindik martxan segitzen duen Azkoitiko San Martin baselizakoa (1859), Errezilgo Parrokiakoa (1866).

Aurreragotik ere badago Zugastitarren aztarnarik Urola Bailaran; horrela, Arrasateko Joan Zugasti Errasti (1763-1836) Jose Manuelen aitak Arrasateko lantegian egindako erlojua kokatu zuen Azpeitiko San Martingo kaperan, 1815. urtean. Bizkaia aldean ere Zugastitarren erreferentzia ugari azaltzen dira; jakina, ez ziren alferrik Bilboko Areatzako erlojugileak. Besteak beste, garai batean Foru Aldundiko erlojua Zugastitarren ardurapean egon zen: Jose Manuelen ardurapean lehendabizi eta Faustinorenean geroago. Horrez gain, hainbat herritakoak aipa ditezke: Erandio (1821), Meñaka (1843), Markina (1827), Morga (1859), Zeanuri, Fika, Arrieta, etab.

Cadiz

Euskal Herritik kanpo ere sona handia bide zuten Zugastitarren erlojuek. Jose Manuelen izena eta semearen (hijo/s) aipamena erloju askotan agertzen da itsatsita. Adibidez, Tuiko katedraleko erlojua Galizian (1845); Andaluzian ere Zugasti erlojuak ugari dira, besteak beste: Cadizko katedralekoa (1851); Sevillako Dos Hermanas (1844), San Lorenzo (1853), Triana (1853) eta Salteras (1865).

Informazio iturriak

Argazki galeria

01.- Zestoako Parroki Elizako azken erloju mekanikoa, kanpandorrean martxan zegoenean (2002ko argazkia) [© Danbolin] 01.- Zestoako Parroki Elizako azken erloju mekanikoa, kanpandorrean martxan zegoenean (2002ko argazkia) [© Danbolin].

02.- Zestoako Parroki Elizako azken erloju mekanikoa kanpandorrean martxan zegoenean (2002ko argazkia) [© Danbolin] 02.- Zestoako Parroki Elizako azken erloju mekanikoa kanpandorrean martxan zegoenean (2002ko argazkia)  [© Danbolin]

03.- Zestoako Parroki Elizako azken erloju mekanikoaren harrizko pisuak kanpandorrean (2011ko argazkia) [© Danbolin] 03.- Zestoako Parroki Elizako azken erloju mekanikoaren harrizko pisuak kanpandorrean (2011ko argazkia)  [© Danbolin]

04.- Zestoako Parroki Elizako erlojuaren kontrogailua, sakristian kokatua 2020an [© Manuel Arregi] 04.- Zestoako Parroki Elizako erlojuaren kontrolagailua, sakristian kokatua 2020an [© Manuel Arregi]

05.- Zestoako Parroki Elizako erlojuaren orratzen eragilea, 2020an kokatua, kanpandorrean 2017ra arte azken erloju 05.-  Zestoako Parroki Elizako erlojuaren orratzen ardatz eragilea, 2020an kokatua, kanpandorrean 2017ra arte azken erloju mekanikoa zegoen leku berean [© Manuel Arregi]

06.- Mikel Irure orratzak eta esferaren zenbakiak pintatzen, Erramun Etxaide Legoiaren begiradapean (2004ko argazkia) [© Danbolin] 06.- Mikel Irure orratzak eta esferaren zenbakiak pintatzen, Erramun Etxaide Legoiaren begiradapean (2004ko argazkia)  [© Danbolin]

07.- Mikel Irure orratzak eta esferaren zenbakiak pintatzen, Erramun Etxaide Legoiaren begiradapean (2004ko argazkia) [© Danbolin] 07.- Mikel Irure orratzak eta esferaren zenbakiak pintatzen, Erramun Etxaide Legoiaren begiradapean (2004ko argazkia)  [© Danbolin]

08.- Zestoako kanpandorreko kupularen konpontze lanak (2005eko argazkia) [© Danbolin]08.- Zestoako kanpandorreko kupularen konpontze lanak (2005eko argazkia)  [© Danbolin]

09.- Zestoako kanpandorreko kupularen konpontze lanak (2005eko argazkia) [© Danbolin] 09.- Zestoako kanpandorreko kupularen konpontze lanak (2005eko argazkia)  [© Danbolin].

10.- Zestoako kanpandorreko kupularen konpontze lanak (2005eko argazkia) [© Danbolin] 10.- Zestoako kanpandorreko kupularen konpontze lanak (2005eko argazkia)  [© Danbolin]

11.- Zestoako kanpandorreko kupularen itxura, tximistak suntsitu ondoren. 2017ko abendua 11.- Zestoako kanpandorreko kupularen itxura, tximistak suntsitu ondoren. 2017ko abendua  [© Iñaki Albisu]

12.- Zestoako kanpandorrearen itxura, berritze lanak hasi berritan. 2018ko urtarrila 12.- Zestoako kanpandorrearen itxura, berritze lanak hasi berritan. 2018ko urtarrila [© Danbolin].

13.- Zestoako kanpandorreko kupula berritua, kanpairik gabe. 2019ko apirila 13.-Zestoako kanpandorreko kupula berritua, kanpairik gabe. 2019ko apirila [© Danbolin]

12.- Zestoako kanpandorrea eta erlojuaren esfera berrituak (2020ko argazkia) [© Oier Arregi] 14.- Zestoako kanpandorrea eta erlojuaren esfera berrituak (2020ko argazkia) [© Oier Arregi].

13.- Zestoako Parroki Elizako kanpandorrea, bere osotasunean, kupula berrituarekin (2020ko argazkia) [© Oier Arregi] 15.- Zestoako Parroki Elizako kanpandorrea, bere osotasunean, kupula berrituarekin (2020ko argazkia) [© Oier Arregi]

11.- Kanpai berritua. XVIII. mendean kanpandorrean kokatua, Herbehereetatik ekarrita. 2017ko abenduaren 1eko tximistak matxuratu ondoren, Kantabrian berritu zuten eta 2020ko otsailean berriro kokatu zuten kanpandorrean [© Oier Arregi] 16.- Kanpai berritua. XVIII. mendean kanpandorrean kokatua, Herbehereetatik ekarrita. 2017ko abenduaren 1eko tximistak matxuratu ondoren, Kantabrian berritu zuten eta 2020ko otsailean berriro kokatu zuten kanpandorrean  [© Oier Arregi]

17.- Arriya (2011) filmetik hartutako zatitxoekin osatutako bideoa. Besteak beste, Zestoako kanpandorreko azken erloju mekanikoaren soinua eta irudiak ageri dira [© EITB]

Informazio iturriak

  • Erentxun, Joan. Apuntes históricos de Arrona, 1963 (argitaratu gabea)
  • Etxaniz Iriarte, Teresa. Restauración y puesta en marcha de un reloj monumental de 1854.
  • Euskadiko Artxibo Historikoa. Erregistro Sakramentalak
  • Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa
  • Zestoako Udal Artxiboa