Berriak
Atzealdea Zestoaurepele.eus webgunea aurkeztu dute
2026·04·24

Zestoa eta Urepele arteko mendi ibilbidea jasotzen duen www.zestoaurepele.eus webgunea aurkeztu dute, Mikel Arregi Zestoako alkateak, Mikel Irure Agiro Mendi Taldeko kideak eta webgunea egin duen Codesyntax enpresako kide Luistxo Fernandez eta Oihana Aranbarrik.
Aipatu bezala, webgunearen edukia nagusiki mendi ibilbidearen ingurukoa bada ere, aurrerantzean bi herrien arteko senidetzeak emandakoa azaltzeko ere erabili nahi da. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Piriniar Atlantikoko Elkargoak emandako diru laguntza lortzeko, bi udalek aurkeztutako proiektuko bost egitasmoetako bat bi herriak mendiz lotzea zen eta gaurtik aurrera nahi duen orok, GPS bidez ibilbide osoa edo zatiak egin ahal izango ditu.
Xalbapide bidea: Uztapide eta Xalbador ibilbideak
Bi herriak lotuko dituen bideari Xalbapide izena jarri diote eta bidea bi ibilbidetan banatuko da: Uztapide ibilbidea eta Xalbador Ibilbidea. Biak bi noranzkotan daude jasota, hau da, Zestoatik Urepelerakoan eta baita Urepeletik Zestoarako noranzkoan ere.
Uztapide ibilbideak bost etapatan, 120 km-ko bidea egiten du. Beste ibilbidea baino zertxobait luzeagoa izanagatik, erosoagoa da eta azken-aurrekoa ezik beste etapa denak herrietan amaitzen dira (Andoain, Goizueta, Labaien, Artesiagako lepoa eta Urepele).
Xalbador ibilbidea, berriz, mendian gehiago ohituta daudenentzat da, bestearekin alderatuta: lau etapatan 113 kilometro egiten ditu. Bide honek bide nagusia utzi eta Ernio azpitik Tolosarantz egiten du eta Belate inguruan (Uztakortako lepoa) berriro bide nagusira batzen da. Gainera, behin Leaburu eta Gaztelu atzean utzita Xalbador bideak Urepelera arte ez du inongo herri edo auzorik gurutzatzen. Beraz, jarraian egin nahi bada, ondo hornituta eta lo egiteko ekipamendua ere gainean eramatea komeni da.
Paisaiari dagokionez, bidea gure itsasaldean hasi eta Gipuzkoako hego ekialdetik Nafarroako ipar ekialdeko basoak zeharkatuz, Euskal Herriko ur-mugatik barna, Kintoako oihanaren magalean amaitzen da.


