Berriak

Atzealdea Zestoako Udalaren adierazpen instituzionala festetako gertakariaren harira

Zestoako jai nagusiak ospatu berri ditugun honetan, udalak festen inguruko gogoeta bat plazaratu nahi du.

2026·09·15


Herriko jai nagusien balorazioa baikorra izan zitekeen; besteak beste, ekitaldiak jendetsuak izan dira eta festetan giro sanoa izan da nagusi. Zikinkeria eta lehen larunbateko hainbat txikizio ahaztu gabe, antolaketan beste urteetan gertatutako hainbat arazo saihestea lortu da. Daukaten bolumenagatik bereziki aipagarriak, aurreko urteetan azpiegituren jasotzean sortzen ziren arazoengatik, gazte eguneko “Antton Etxera” herri bazkaria eta kuadrillen eguneko paellada lirateke. Antolatzaileek eta herritarrek egindako lanari esker, inoiz baino txukunagoa eta ordenatuagoa izan da otordu herrikoi hauen jasotzea.

 

Tamalez ordea, azken eguneko gertakari larri batek ilundu dizkigu aurtengo festak. Parranda giroko ordu txikitan pertsona bat era basatian kolpatua izan da eta erasoaren ondorioz, lepa-uztaia hausteaz gain, buruan eragindako zauriengatik aipatu pertsona Donostiako ospitalean ingresatua izan da. Gaur da eguna gainera, neurologia zerbitzuek erasoa jasan behar izan duen pertsona zaintzapean daukatena.

 

Zestoako Udalak irmoki salatu nahi du gertatu den eraso hau. Zestoa herri lasaia da eta salbuespenak salbuespen, betidanik jakin izan du herriko jaiak tratu onean eta elkarbizitzan ospatzen. Eztabaidarik sutsuenak ere pertsona baten aurkako horrelako erasorik ez du justifikatzen eta antzeko jarrera bortitzak guztion elkarbizitzaren aurkako erasotzat hartzen ditugu.

 

Bukatzeko, Zestoako Udalak, erasotua izan den pertsonari bere elkartasuna adieraztearekin batera, erasoa jasan zuen pertsona artatu eta osasun zerbitzuei dei egin zieten herritarrak eskertu nahi ditu.

 

 

Zestoan, 2026ko irailaren 14an