Berriak

Atzealdea Zestoako Udalak Zestoa tentsio handiko eremuan sartzeko eskaria egingo dio Eusko Jaurlaritzari

Zestoa tentsio handiko eremu izendatzeak Zestoako Udalari herriko alokairu prezioetan eragiteko ahalmena emango liokela azaldu du alkateak.

2024·01·12


Zestoa tentsio handiko eremu izendatzearen aurrekaria 2023ko maiatzean dago, non EH Bildu eta ERCk espainiar Gobernuarekin lortutako akordio bati esker Etxebizitza Legea onartu zen.

Duela hiru aste Eusko Jaurlaritzak bi txosten argitaratu zituen, eta bertan zehaztu zuen zenbat udalerrik betetzen dituzten tentsio handiko eremu izateko baldintzak. “Zestoak tentsio handiko eremu izendatzeko baldintzak betetzen ditu. Baldintzak bi dira eta izendapena lortzeko nahikoa da bat betetzea”, adierazi du Mikel Arregi Ertxin alkateak. Honako hauek dira baldintzak: alde batetik azken bost urteetan etxebizitzaren prezioa erkidegoko bataz besteko KPIa baino hiru puntu gehiago igo izana, eta bestetik herritarren soldataren %30a baino gehiago etxebizitza ordaintzera bideratu behar izatea.

Alkateak adierazi duenez “Legeak, kaleratzeen aurreko babes soziala handitzeaz gain, alokairuen prezioen igoera mugatzeko sistema bat ezartzen du, eta sistema hori martxan jartzeko lehen pausoa tentsio handiko eremuen izendapena da”.

Eusko Jaurlaritzak egindako kalkuluen arabera EAEn 41 herri dira aipatu baldintzak osoki edo partzialki betetzen dituztenak. Herri gehienak, herririk populatuenak badira ere, Zestoa baldintzak betetzen dituen Gipuzkoako herririk txikiena da eta Arregiren esanetan “horrek Zestoan etxebizitza eskuratzeko zailtasuna gero eta larriagoa dela adierazten du eta tentsio handiko eremu izendatzeak Zestoako Udalari alokairu prezioetan eragiteko ahalmena emango lioke”.

Izendapena lortzeko eman beharreko pausoak

Eusko Jaurlaritzak argitaratu duen txostenean tentsio handiko eremu izendapena lortzeko eman behar diren pausuak zeintzuk diren azaltzen du.

Eskumena Eusko Jaurlaritza eta udalen artean elkarbanatuko den arren, azkenengo izendapena Jaurlaritzak egingo du eta baldintzak betetzen dituzten udalek aurretik eskaera formala egin beharko dute. Horretarako, herriko datuen memoria aurkeztu eta hiru urteetan etxebizitzaren eskaria eta eskaintza orekatzeko hartuko diren neurriekin ekintza plan bat egin beharko da.

Alkateak aukera hau izatea, besteak beste Zestoako Udalak alokairu sozialerako dituen Correoseko eraikinerako eta Kale Okerreko egitasmoetarako lagungarria izango dela adierazi du.