Berriak

Atzealdea Zestoako Udalak urte beteko epean herritarren erabilerarako herrian izango den auto elektrikoa aurkeztu du

Ekainaren 1etik aurrera erabili ahal izango da auto elektrikoa.

2024·05·23


Zestoako Udalak Hyundai Oarso Car-ekin sinatutako hitzarmenaren harira, auto elektriko bat izango da herrian urte betez herritarren erabilerarako. Ekimen hau, gaur egun bizi dugun larrialdi klimatikoari aurre egiteko gure tantatxoa izango dela adierazi du Mikel Arregi Zestoako alkateak.

Autoa partekatzeko egitasmo berri hau, ekainaren 1etik aurrera izango da martxan. Hyundai Kona %100ean elektrikoa den autoa herritarrek erabili ahal izateko, VIVe app-an erregistratu beharko da, eta bertatik egin autoaren erreserba eta ordainketa.

Autoa erabiltzeko, hainbat baldintza bete behar dira:

  • - Zestoan erroldatuta egotea.
  • - 25 urtetik gora izatea.
  • - Gidabaimena gutxienez hiru urtez izatea.

Bestalde, autoa erabiltzea ez da doan izango, Udalak zehaztutako tarifen arabera, egun osoko erreserba 30 euro ordaindu beharko da eta ordua, berriz, 5 euro.

Autoaren autonomiari dagokionez, 660 kilometro egiten ditu herri barruan, eta konbinatua bada, berriz, 480 kilometro. Honekin lotuta, autoa Zubimusuko igogailuaren ondoan jarri den kargagailuan egongo da aparkatuta. Beti entxufatuta utziko da erabili ostean. Orain bi kargagailu daude bertan, bat auto berriarena eta bestea kargagailu unibertsala, lehendik dagoena.

Autoa erabiltzeko ordutegia

Autoa astelehenetik ostiralera 12:00ak arte erreserbatuta egongo da udaleko langileentzat. Gainerako herritarrek, 12:00etatik 22:00etara erabiltzeko aukera izango dute.

Asteburuetan, berriz, 08:00etatik 22:00etara erabili ahal izango da.