Berriak
Atzealdea Zestoako Udalak tasa turistikoak onartu ditu
2026·09·25

Iraileko ohiko udalbatzarrean aho batez onartu da Zestoan tasa turistikoak aplikatzen hastea. Neurri hau 2027ko urtarrilaren lehenean sartuko da indarrean, eta zeharkako zerga hori egonaldia egiten duten pertsonek ordaindu beharko dute.
Erkidegoko Foru Aldundien ekimenez jarritako neurria da eta zerga honetatik kobratutako kopurua, Zestoako Udalak jasoko du %100ean.
Zestoan aplikatuko den tasa, gutxienekoa izango da: herrian dauden bi hoteletan, apartamentu turistikoetan eta agroturismoetan 1,5 euro kobratu beharko dute pertsonako eta gaueko. Aterpetxe eta landa-etxeetan, berriz, 0,75 euro izango da kobratu beharko duten tasa. Sei gau arte ordainduko da zerga.
Ordenantza fiskalak
Iraileko udalbatzarrean aho batez onartu den beste gaietako bat, 2027ko ordenantza fiskaletako aldaketak izan dira. Honen ondorioz, 2027ko ordenantza fiskalek %2,5eko igoera izango dute.
Bestalde, autokarabanen guneko zerbitzua arautzeko ordenantzako puntu bat moldatu behar izan da. Guneak momentuz doan izaten jarraituko du, baina 2027tik aurrera tarifikazioa jarriko da indarrean. 18 plaza iraupen luzeko egonaldientzat izango dira, urte beteko iraupena izango dute eta 100 euroko tasa ordaindu beharko da. Beste 40 plaza, iraupen motzekoak izango dira, 72 ordu gehienez, eta 5 euro ordainduko dira egonaldiko. Jarduera ekonomiko duten bertako enpresek ere iraupen luzeko 6 plaza eskatu ahal izango dituzte.
Iraupen luzeko plazak udal deialdi bidez esleituko dira eta hiru eguneko iraupenekoak berriz plataforma digital baten bidez kontrolatuko dira eta ordainketak ere modu digitalean egin beharko dira.


