Berriak
Atzealdea Zestoako Udalak Auzo Bus zerbitzua indartuko du
2025·02·10
Zestoako zenbait auzoetara garraio publikorik iristen ez denez, aurreko legegintzaldian Auzo Bus zerbitzua jarri zuen martxan Zestoako Udalak. Zerbitzu honen helburua, auzotarrei herrigunera iristeko erraztasunak ematea da. Legegintzaldi honetan auzotarren batzarretan atera da gaia, eta zerbitzuak dituen hutsuneak osatzeko helburuarekin Auzo Bus zerbitzua indartzea erabaki da herriko bi taxiekin elkarlanean.
Zerbitzu hau Zestoan erroldatuta dauden herritarrek erabili ahal izango dute. Taxia herrigunean egongo da eta hiru ordu ezberdin izango dituzte auzotarrek bidaiak egiteko. 11:00etako eta 14:00etako bidaiak egiteko, aurreko eguneko 22:00ak baino lehen abisatu beharko zaio taxi-gidariari, baina 19:00etako bidaia egiteko, egun bereko 14:00ak baino lehen eginda nahiko izango da. Bestalde, taxi-gidariari zein den egin nahi duen bidaia eta ordutegia zehaztu beharko zaizkio. Taxia Ibañarrietara ere joango da, eta auzo busak egiten duen ibilbide berdina egingo du, hau da Zestoako herrigunetik auzoetako herriguneetara izango da bidaia, eta auzo busa bezala, astelehenetik ostiralera eskainiko da zerbitzua.
Zerbitzu osagarri hau dagoneko martxan dago eta erabili nahi duten herritarrek eskaera udaletxeko harreran egin beharko dute lehenengo, eta ondoren bidaia bakoitza taxi-gidariarekin lotu beharko dute telefonoz. Bestalde, zerbitzua ez da doan izango, bidaia bakoitza 2 euro ordaindu beharko da.
Auzo Busaren ordutegia:
08:30 – 08:45: Zestoa – Aizarna
08:45 – 09:00: Aizarna – Zestoa
09:00 - 9:10: Zestoa – Arroagoia
09:10 - 9:20: Arroagoia – Zestoa
16:30 - 16:45: Zestoa – Aizarna
16:45 – 17:00: Aizarna – Zestoa
17:00 – 17:10: Zestoa – Arroagoia
17:10 – 17:20: Arroagoioa - Zestoa
Taxiaren ordutegia:
11:00: Zestoa – auzoak (auzotarren deien arabera taxistak erabakiko du ibilbidea)
14:00: Zestoa – auzoak
19:00: Zestoa - auzoak