Berriak

Atzealdea Zestoako Udal liburutegia liburuak mailegatzen hasiko da

Maiatzaren 13tik aurrera eskatu ahal izango dira liburuak, posta elektronikoz edo telefonoz.

2020·05·12


Zestoako Udal liburutegia herritarrei zerbitzua ematen hasiko da bihartik aurrera, era mugatuan eta koronabirusak eragindako egoerara egokituta. Liburutegiko ateak itxita mantenduko dira eta erabiltzaileek ezingo dute bertara sartu, baina mailegu zerbitzua martxan izango da. Garbitasun eta segurtasun neurriak bermatzeko, posta elektroniko bidez edo telefonoz egin beharko dira liburu edo DVD eskaerak eta, liburuzainarekin adosturiko orduan, liburutegiko atean jasoko ditu erabiltzaileak.

 

Zestoako Udal liburutegiko katalogoa lotura honetan kontsulta daiteke. Internetek eskaintzen dituen baliabideak erabiltzeko zailtasunak dituenari liburuzainak telefonoz emango dizkio arreta eta gomendioak.

 

Eskaerak posta elektroniko bidez egiteko liburutegiazestoa@yahoo.es helbidera mezu bat bidali beharko da, erabiltzailearen izen-abizenak, NAN zenbakia eta nahi den liburuaren izenburua adieraziz. Maileguak telefonoz ere eskatu ahal izango dira, 16:00etatik 20:00etara 943 147 816 telefonora deituta.

 

Segurtasun neurriak

Liburutegiko sarreran jasoko du erabiltzaileak eskaturiko liburua eta liburutegia itxi aurretik maileguan hartutako liburuak sarreran jarriko den kaxan utziko dira, liburuzainari jakinaraziz. Kaxa horretara itzultzen diren liburuak katalogotik kanpo egongo dira hamabost egunez eta ondoren, berrogeialdia pasata, katalogora itzuli eta mailegagarri izango dira berriro.