Berriak

Atzealdea Zestoako haur eta nerabe guztien aisialdi eskubidea bermatzeko diru-laguntza lerro berria jarriko du martxan Udalak

Diru-laguntza honen helburua ekintza horiek ordaintzeko nahikoa diru ez duten familietako haur eta nerabeek eskolaz kanpoko ekimenetan parte hartzeko aukera bermatzea da.

2024·05·16


Zestoako Udalak 2024-2025 ikasturtean, haur eta nerabe guztiek aisialdiaz eta eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartzea bermatuko duen diru-laguntza lerro berri bat jarriko du martxan. Familia zestoar batzuek ez daukate nahikoa diru ekintza horiek ordaintzeko eta diru-laguntza hauei esker, familia horietako haur eta nerabeek ere aisialdiaz eta kirolaz gozatu ahal izango dute.

Hori horrela, datorren ikasturtetik aurrera Zestoako haur guztiek aukera izango dute eskola kirola eta Kirolaz Jostaz gain, eskolaz kanpoko beste ekintza batean parte hartzeko.

Diru-laguntza hauek Zestoako Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik bideratuko dira eta honako baldintzaren bat betetzen duten herritarrek eska ditzakete:

  • DBE/RGI, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren onuradunek.

  • GLL/AES, Gizarte Larrialdietako Laguntzaren onuradunek.

  • IMV, Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera laguntzaren onuradunek.

  • Laguntza horien onuraduna ez izan arren, pareko diru-sarrerak dituzten familia unitateek Udaleko gizarte zerbitzuekin hitzordua hartu beharko dute.

Haurrek bete beharreko baldintzak, berriz, Zestoan erroldatuta egotea eta 16 urte artekoa izatea da.

Aisialdia: eskubidea eta beharra

Haur guztiek dute aisialdiaz eta kirolaz gozatzeko eskubidea. Eta osasuntsu garatzeko ezinbestekoak dira. Arrakala ekonomikoa saihestea helburu eta haur eta nerabeek aisialdiaz gozatzeko eskubidea eta beharra bermatzeko sortu da ekimen hau. Herriko elkarteek urteak daramatzate herriko haurren aisialdia aberasten eta orain haur guztien eskura egongo dira. Dagoeneko herriko eragile eta elkarteekin bildu da Udala ekimenaren berri emateko, eta diru-laguntza lerro berri hau gustura hartu dute. Ekimen honetan parte hartuko duten herriko elkarteak honakoak dira: Abantzu Pilota Elkartea, Bertso Eskola, Interpretazio Eskola, Itxaropena Dantza Taldea eta Futbol Eskola.