Berriak

ZESTOAKO FESTEN BALORAZIOA

Herriko jai nagusiak amaitu eta gero egin beharreko balorazioa ezbairik gabe oso baikorra da. Izan ere, bi urte jairik ospatzeko aukerarik izan gabe, aurten bai auzo eta herrigune nagusiko jaiak arrakasta handikoak izan dira.

2022·09·15


Jai giro sanoa izan da nagusi eta herritarren parte hartzea ere handia izan da. Zestoan bezala, udan ospatu diren, Arroabe, Arroagoi, San Lorente eta Aizarnako jaiak ere aldarte berean egin dira.

Udan zehar beste hainbat herrietako jaietan izan diren gertakari tamalgarriren berririk ez dugu izan eta jaietan tratu ona eta poza izan dira nagusi. Halere, eragile ezberdinekin izandako elkarlanari esker, antzeko kasuren bat gertatu ezkero era koordinatuan neurriak hartzeko prestatuta egon gara.

Bestalde, aurreko urteetako joera kontutan hartuta, aipagarria da aurtengo jai nagusietan ondare publikoak kalterik jasan ez izana. Dena dela, larrialdi klimatikoaren kezka gero eta nabarmenagoa den garaiotan, jaietan sortzen dugun zabor pilak zer pentsatua eman beharko ligukeela ez genuke ahantzi nahi.

Arestian aipatu bezala, antolatu diren ekitaldiak oso jendetsuak izan dira. Anttonen herriratzearen aldeko herri bazkarian inoiz baino jende gehiago izan da, denok dakigun arrazoiengatik txistularien alardea ezin izan da plazan egin baina hala ere aurtengoa ekitaldi arrakastatsua izan da, zezenketak, herri bazkariak, musika ekitaldiak, pilota, dantza, bertsoak, artzain txakur txapelketa...

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu festa hauek posible egin dituzten eragile eta boluntario guztiei baina bereziki Zestoako jai nagusietako suziria botatzeko ohorea izan duen Itxaropena dantza taldeari, hain gureak ditugun euskal dantzak gure herrian bizirik mantentzeagatik..