Berriak

Atzealdea Zestoa, Zumaia, Deba eta Itziarrek hitzarmena sinatu dute estrategia bateratuak martxan jartzeko

1
Lau lan-lerro nabarmendu dituzte: herritarren zerbitzua, sozioekonomia, ingurumena, eta kultura eta ondarea.

2022·06·23


Zestoa, Zumaia, Deba eta Itziar mugakideak dira, baina udal elkarte desberdinean dago bakoitza. Herri horietan bizi diren biztanle asko eta askok lotura estua dute aldameneko herriarekin (ohiturengatik, gertutasunagatik…), eta ondare-gune asko zein industriaguneak hiru udalerrien arteko muga inguruan daude, besteak beste.

Errealitatea hori izanik, eta orain arteko antolaketa-mugak gainditzeko asmoz, hitzarmena sinatu dute Zumaiako, Zestoako, Debako eta Itziarko Auzo Udaleko alkateek, herritarrei eman beharreko zerbitzua hobetu, eta estrategia bateratuak martxan jartzeko.

Bertan lau lan-lerro nagusi zehaztu dituzte:

Herritarren zerbitzua: Muga inguruetan bizi direnengan hainbat zerbitzu hobetu nahi dituzte (bideak, hondakinak, ura...)

Sozioekonomia: industriaguneetako esku hartzeak, bertako turismo eredua eta merkataritza suspertzeko neurriak zehaztu eta garatuko dituzte.

Ingurumena: Kostaldeko korridore ekologikoak hiru udalerriak ukitzen dituenez, gainontzeko eragileekin batera larrialdi klimatikoari aurre egin eta bao politika egokia garatu nahi dute. 

Kultura eta ondarea: Hiru udalerrien muga inguruan dagoen ondarea babestu, ikertu eta ezagutzera emateko proiektuak sustatuko dituzte (Zumaiako zementugintza edota Ekaingo haitzuloak, besteak beste). Gainera, kultur eta festa jardueretarako diru-laguntza irizpide bateratu batzuk zehaztuko dituzte eta herrian bertan sortutako proiektu edota taldeen elkar-trukea egingo dute. Azkenik, kirol arloan egitasmo komunak landuko dituzte.

 

Muga inguruetako herritarrentzat zerbitzu hobea

Hitzarmenaren helburu nagusietako bat da muga inguruetan bizi diren herritarrei eman beharreko zerbitzua hobetzea. Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak baserrietan bizi direnen egoera nabarmendu du: “Baserri batzuek Zumaia dute gertuago, baina administratiboki Zestoa izanik, Zestoara joan behar dute kontu administratiboak egitea; antzekoa gertatzen da Narruondon edo Endoia inguruan ere, besteak beste”. 

Mikel Arregi alkateak azaldu duenez, Zestoa Urola Erdiarekin lotuta badago ere, “ondare handia konpartitzen dugu bai Zumaiarekin eta baita Debarekin ere; horregatik, dinamika desberdinak martxan jartzeko beharra ikusten dugu”. Gainera, esaterako Arroabeko auzotarrek “bizitza handia egiten dute Zumaian, eta erraztasunak eskaini behar dizkiegu herritar horiei ere”.

Bere aldetik, Gilen Garcia Debako alkateak gobernantza ereduaren ikuspegitik dakarren aldaketa nabarmendu du: “Ikusi dugu ezinbestekoa dela herritar guzti-guztiak kontutan hartzea, baita mugaren azken puntan bizi diren horienak ere”.

Arantza Egaña Itziarko Auzo Udaleko alkateak nabarmendu du kirol arloan azpiegituren erabilera koordinatzeko beharra ere ikusi dutela. 

Lau aldeak pozik agertu dira hitzarmenarekin, eta epe labur eta ertainean emaitzak ematea espero dute.

Iturria eta argazkia: Zumaiako Udala
 
1