Berriak

Atzealdea Zestoa eta Urepele arteko senidetze proiektua

Zestoako Udalak martxan jarri nahi duen proiektua bozkatzeko epea zabalik dago

2023·09·06


Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseiluak “Ideiak 2023” partaidetza bidezko aurrekontuen bigarren edizioa jarri dute martxan. Edizio honen helburua, Bidasoako bi aldeetako biztanleak elkarrengana hurbiltzea da eta herrialde bakoitzeko biztanleen artean banatzeko 150.000 euroko aurrekontua dago.

Badira bizpahiru urte Zestoako eta Urepeleko udalak elkarrekin harremanetan jarri zirela. Zestoako hainbat udal ordezkari eta dantza taldeko hainbat kide ere bertan izan ziren herria ezagutu eta lehenengo hartu-eman horiek gauzatzen. Zestoako herria Urepelekin senidetzeko proiektua ere deialdi honetan sartu da eta partaidetzazko aurrekontuetan aukeratua izateko bozkatzeko aukera dute herritarrek.

Bozkatzeko epea irailaren 1etik irailaren 24ra dago zabalik eta hemendik egin behar da. Gipuzkoako 16 urtetik gorako biztanle orok bozkatu ahal du eta Pirinio Atlantikoetako 11 urtetik gorako biztanle orok. Herritar bakoitzak hiru proiektu desberdin bozkatu behar ditu nahitaez. Bestalde, hastear diren herriko jaietan Erdi Kalean mahai bat jarriko dute dantza taldeko kideek herritarrek proiektua bozkatu ahal izateko.

Senidetzeaz gain, beste lau ekimen ere gauzatzeko proposamena egin dute bi udalerriek:

  • “Urepele eguna” Zestoan eta “Zestoa eguna” Urepelen.
  • “Laborari gazteak eta emakumeak”, laborantza eta lehen sektoreari buruzko mugaz bi aldeetako ezagutza eta esperientzien trukatze-saioak.
  • Bertsolaritzaren bilakaera generoaren ikuspegitik, Uztapide eta Xalbadorren garaietatik gaur egunera.
  • Urepele eta Zestoa, senidetutako bi udalerriak lotuko dituen oinezko ibilbidea.