Berriak
Atzealdea Zestoa Eguna ospatuko da urriaren 5ean Urepelen
2024·09·23
Urriaren 5ean Zestoa Eguna ospatuko da Urepelen eta egitaraua oparoa prestatu dute urepeldarrek. Zestoatik bertara joan nahi dutenek, autobusean joateko aukera izango dute. Dagoeneko txartelak Turismo Bulegoan salgai daude. Herri bazkaria ere izango da Urepelen eta beraz, aukera izango da bazkarirako txartela bakarrik erosteko, norbaitek bere kasa joan nahi badu Urepelera.
Bazkaria eta autobuseko txartelek 20 euroko prezioa izango dute eta bazkarikoak soilik 15 euro. Haurrek eta langabetuek, berriz, 15 euro ordaindu beharko dituzte autobusa eta bazkariarengatik eta bazkariarengatik soilik 10 euro. Txartelak erosteko azken eguna urriaren 1a izango da.
Zestoa-Urepele ibilbideko azken zatia ere egun horretan egingo dute Agiro Mendi Taldeko kideek, zehazki, Artesiagatik Urepelera joango dira oinez. Guztira 17 kilometroko ibilbidea egingo dute. Izen-ematea Kiroldegian egin beharko da eta aste honetan zehar emango da horren berri.
Egitarau oparoa
Festa giroa 11:00etatik aurrera hasiko da Urepelen, Aldude-Urepeleko Klika, Zestoako txaranga eta Itxaropena Dantza Taldea arituko dira giroa alaitzen. 14:00etan herri bazkaria izango da bertsolariekin. Haira Aizpurua, Amets Arzallus, Aitor Salegi eta Oskar Alberdi arituko dira bertsoetan eta gai-jartzaile lanetan, Xalbat Alzugarai arituko da.
Arratsaldean, 17:00etan, pilota partidak izango dira. Aldude-Zestoa desafioa jokatuko dute Esain-Uhalde eta Sasiain-Agirre pilotariek. Jarraian, beste partida bat izango da: Urmeneta- Ladis Galartza eta Mikel Goñi- Pascual.
Egunari amaiera emateko Kontrabanda taldearen kontzertua izango da eta burgerrak izango dira jateko.