Berriak
Atzealdea Urtarrilaren 31an nerabeen parte-hartze prozesuko bilera izango da nerabeekin Jubilatuen Tabernan
2025·01·24
Udazkenean Zestoako 12-16 urte bitarteko nerabeak dauden eskualdeko eskoletan hainbat bilera egin ziren eurekin, Zestoako Udalak martxan jarritako nerabeen parte-hartze prozesuaren baitan. Prozesu honen helburua herriko 12-16 urte bitarteko nerabeen parte-hartzea lantzea izan da; nerabeek herriarekiko dituzten loturak sortu, sendotu, astindu eta eragin nahi izan dira; nerabeak ere herritar aktiboak izateko.
Prozesuaren lehenengo fase hartan, nerabeek euren proposamenak egin zituzten dinamika ezberdinen bidez. Orain prozesua bigarren fasean sartzera doa: nerabeak izango dira aurrera eramango diren proposamenen protagonistak. Urtarrilaren 31n 19:00etan Jubilatuen Tabernan egingo den bileran, nerabeei aurkeztuko zaizkie eskoletan jaso diren proposamen ezberdinak; Udalak proposamen horiek nola ikusten dituen azalduko die (egingarriak diren, martxan noiz jarriko diren...) eta azkenik, nerabeekin hurrengo pausoak adostuko dira aurrera eramango diren proposamenak nola gauzatu zehaztuz.