Berriak
Atzealdea Urola ibaian sakabanatutako zabor-pilaketen garbiketa
2022·05·05
Urtero, udazken eta neguko euriteekin, zabor ugari agertzen da Urola ibaiko ertzetan. Egun, honako hondakinak agertu dira: kable eta aparatu elektronikoak, gurpilak eta pneumatikoak, teilape zatiak, metalezko egiturak, paletak, gomak, poteak, tetrabrikak, arropa… Horiez gainera, zenbait eremuetan zabor fokoak ere identifikatzen ari da Udala Eguzki talde ekologistarekin elkarlanean: plastiko beltzak eta zuriak, burdinazko eta plastikozko sareak, oihalezko zakuak… Guzti horrek eragina du Urola ibaiko ekosisteman, baita Kantauri itsasokoan ere.
Proiektu honekin, Zestoako Lasao auzotik Iraetaraino zaborrak bilduko dira. Guztira, 6 kilometro inguruko ibilbidean, 6 Tona inguru zabor jasotzea aurreikusten da. Urola ibaian sakabanatutako zabor-pilaketa fokuak garbitzeko proiektuaren helburu nagusia Urola ibaia Zestoako udalerria zeharkatzen duen eremua zaborrez garbi geratzea da eskualdeko beste herrietako proiektuekin batera, Urola ibaiaren eremu handi batean, epe motzean, zabor jasoketa egiteko. Horrekin batera, komunikazio eta sentsibilizazio lan bat egitea ere aurreikusten da, herritarrak informatu eta sentikortzeko.
Eguzki Talde ekologistak Sakabanatutako zaborren pilaketa fokuak prebenitzen eta zuzentzen lagunduko duten jarduketak egiteko diru-laguntza lerrora aurkezteko eskaera egin zion Udalari eta Udalak hala egin zuen. Diru-laguntza honen ebazpenaren arabera, Zestoako Udalak 7875,00€ jasoko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentutik Urola ibaian sakabanatutako zaborra garbitzeko.