Berriak

Atzealdea Udan zer Zestoan? 2021

Herrigune nagusiko eta auzoetako jaiak bertan behera utzita, udako egitaraua aurkeztu du Zestoako Udalak

2021·07·16


Pandemia egoera dela-eta, bigarren urtez, udako auzo eta herriko festak bertan behera utzi behar izan ditu Zestoako Udalak. Hala ere, herriko bizitzari eta kultur eta kirol arloari bultzada emateko asmoz, iaz egin genuen bezala, udan zehar kultur eta kirol egitarau berezi bat antolatu dugu, betiere segurtasun neurri guztiak betetzen direla bermatuz.

Parte-hartzeak garrantzi handia izan du egitaraua osatzerakoan. Izan ere, maiatzaren hasieran eta ekainean hainbat bilera egin genituen jendearen proposamenak jasotzeko.

Parte-hartze hori ez da, ordea, proposamenak egitera mugatu. Izan ere, herriko hainbat kultur eta kirol eragilek bere ekarpenak egin dituzte eta, ondorioz, “Udan zer Zestoan” egitarauan herrian bertan eta herritarrek sortutako jarduera franko izango ditugu, kanpotik ekarritako eskaintza zabalaz gain.

Egitarauaren beste helburu garrantzitsua izan da herrigunean ez ezik, auzoetan ere ekitaldiak antolatzea, ahal den neurrian. Horrela bada, Zestoako herrigunean, Arroabean, Arroagoian eta Aizarnan izango dira ikuskizunak.

Iaztik hona, pandemiaren egoera hobetzen joan den honetan, askoz arrazoi gehiagorekin esan behar dugu honelako egitasmoak seguruak direla, eta herri baten bizi kalitatea bultza nahi badugu ezinbestekoa dela herriko kultur eta kirol dinamizazioari lehen mailako garrantzia ematea.

Azkenik, Zestoako Udalak eskerrak eman nahi dizkie egitarau hau egiten parte hartu duten guztiei, besteak beste, beraiek gabe ezin izango zelako hain egitarau aberatsa prestatu. 

Sarreren salmentari buruzko oharra

Abuztuaren 20ko ekitaldirako (Trikidantz) ezinbestekoa da aurrez izena eta telefonoa ematea (Zestoako Turismo Bulegoa. Ekainberri. Portale kalea. 943 86 88 12).

Abuztuaren 28 eta irailaren 4 eta 11rako, berriz, aurrez sarrera erosi behar da (10€) eta izena eta telefonoa eman (Zestoako Turismo Bulegoa. Ekainberri. Portale kalea. 943 86 88 12). Sarrerak datorren asteartetik aurrera erosi ahal izango dira eta abuztuaren 20ra arte, Zestoan erroldatutakoek bakarrik erosi ahal izango dituzte.