Berriak
Atzealdea Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa %20 murriztea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak
2020·05·15
Koronabirusaren pandemiak Gipuzkoako Foru Ogasuneko diru-bilketan eragingo duen beherakada dela eta, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa (UFFF) %20 murriztea erabaki du Aldundiak, aste honetan onartu duen Foru Dekretuaren bidez. Zestoako Udalari dagokionez, 542.000 euro kenduko dizkio Foru Ogasunak 2020ko aurrekontuetatik, aurrekontu osoaren ia %10a.
Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako erabakiaren aurrean, Gipuzkoako 55 alkatek, tartean Zestoakoak, gutuna bidali diote Jabier Larrañaga Ogasun Foru Diputatuari, erabakian atzera egin dezan eskatuz.
Gutunean adierazi dute “Covid-19aren krisian ere, udalek lehen mailako erantzuna” eman dutela. Aldebakarrez harturiko erabakia ez dutela onartzen eta irtenbidea adostea proposatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Erabakia adostasunez hartzeko bidean, lau proposamen luzatu dituzte Aldundiari:
1. Atzera bota dezala UFFF bueltatzeko onarturiko erabakia.
2. 2020ko aurrekontu aurreikuspenak bere horretan manten ditzala udalentzat.
3. Zerga bilketaren jaitsieraren ondorioz, UFFFaren beherakada itzultzeko hiru urteko epealdia ezartzea 2021ean hasita, inongo interesik gabe.
4. Gipuzkoako Foru Aldundiak 20 milioiko dirulaguntza bat bidera dezala udaletara Covid-19ak sorturiko krisiak eragindako gainkostuak arintzeko asmoz.
Aste honetako maskaren banaketa gaur amaituko da
Zestoako Udaltzaingoa asteazkenetik ari da hirurogei urtetik gorako herritarrei musuko kirurgikoak banatzen, herriko puntu desberdinetan. Banaketa egin da dagoeneko Arroabea, Arroagoia, Iraeta, Aizarna, Lasao eta herriguneko bi puntutan. Gaur arratsaldean izango da azkenekoa, Idiazpi eta Zubimusu auzuneen arteko gunean, 17:00etatik 19:00etara.