Berriak
Atzealdea Udaberri Kulturala aurkeztu dute Zestoako Udalak eta herriko hainbat eragilek
2026·02·19

Datozen hilabeteotan, hainbat kultur ekimen izango dira Zestoan, eta hauen antolaketaz Zestoako Udala, AEK, Portale Kultur Elkartea eta Fundizio Musika Elkartea arduratu da. Udaberri Kulturala izenburupean bildu dituzte guztiak egitarau bateratu batean. Guztien berri eman dute udaletxean egin duten agerraldian eta Mikel Arregi Zestoako alkateak adierazi duen bezala, hauek ez dira izango herrian antolatuko diren ekimen bakarrak, izan ere herriko beste hainbat eragilek antolatuko ekimenak ere izango dira datozen hilabeteotan, “zorionez, Zestoan eragiletza oso aberatsa dagoelako”.
Udaberri Kulturala, otsailaren 27an hasiko da Punpairez izeneko emanaldiarekin. Bertako parte hartzaileen artean Maria Blanco herritarra dago eta berak azaldu duen bezala “ohore bat da nire herrian ikuskizuna aurkezteko aukera izatea”. Umore saio bat izango dela aurreratu du eta herriko bi pertsona gonbidatu dituztela ere azaldu du. Gonbidatu bereziak Mikel Irure eta Naroa Agirre herritarrak izango dira. Umorea, elkarrizketak eta zuzeneko musika uztartzen dituen emanaldi berritzailea Zestoako Kultur Etxean ikusteko aukera izango da datorren astean. Sarrerak asteartetik, otsailak 24, aurrera izango dira Turismo Bulegoan salgai 5 eurotan.
Egitarau honetan, musika klasikoarentzat tartea ere izango dela azpimarratu dute. Hain zuzen, martxoaren 6an 19:00etan Zestoako elizan Josu Okiñena piano-jolea eta Alexandre Da Costa Queveceko biolin-jotzailearen zuzenekoaz gozatzeko aukera izango da.
24. Korrika
Bi urtez behin izaten den Korrikaren 24. edizioa bi aldiz pasako da aurtengoan Zestoatik: martxoaren 25ean Arroabetik eta martxoaren 28an Zestoatik. Horren harira, martxoaren 26an bertso-poteoa izango da Zestoan Oskar Alberdi eta Aitor Salegirekin eta martxoaren 27an, berriz, bertso-afaria Arroabean.
Korrikaren ostean, Jurgi Ekizaren zuzenekoa izango da Portalen apirilaren 17an; Zuhaitz Gurrutxagaren monologoa apirilaren 24an Kultur Etxean; Kalakan taldearen emanaldia maiatzaren 15ean eta ekainaren 6an San Lorenten “Bidasoatik harago” emanaldia izango da Xabi Solano eta Jon Garmendia “Txuria”-ren eskutik.
Fundizio Fest-en itzulera
Jone Exposito Fundizio Musika Elkarteko ordezkariak azaldu duenez, maiatzaren 23an Fundizio Fest-en itzulera izango da Zestoan. Hainbat urtez jaialdi hau antolatu gabe egon ostean, aurtengo ediziorako ia egitarau osoa lotuta dutela adierazi du.
Maiatzaren 23an, arratsaldean hasiko dira zuzenekoak herriko hainbat tokitan eta herriko musika taldeek izango duten presentzia garrantzitsua izango dela aurreratu du. Aurrerago egitarauren berri zehatza emango dutela ere gehitu du.
Udaberri Kulturalaren baitan antolatu diren hainbat ekitaldien kokapen zehatza ez dago zehaztuta eguraldiaren arabera erabakiko baita, beraz, datak gerturatu ahala ekitaldien inguruko informazio zehatza emango da.



