Berriak

Atzealdea Tichlako eta Zestoako alkateek harreman hitzarmen berria sinatu dute

1
Zestoako ordezkaritza bat Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan da eta bidaia aprobetxatu da 1995ean sinatutako senidetze hitzarmena berritzeko.

2025·04·14


Atzo apirilak 13, Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan (Algeria) Zestoako eta Tichlako alkateek, Mikel Arregi eta Galuha Bacher, senidetze harreman hitzarmen berria sinatu zuten. Ekitaldian, bi alkateez gain, bertako herritarrak eta Fronte Polisarioko koordinatzaile militarra, Abdula Hasse, ere izan ziren.

Mikel Arregi Zestoako alkateak adierazi zuen bezala, “Saharar herriarekin egiten ari den injustizia politiko eta soziala salatu nahi da, 50 urte errefuxiatuen kanpalekuetan milaka herritar egoera prekarioan daude bizitzen euren sorterrira itzuli ezinik”.

Herri guztiek dute libre izateko eskubidea eta nazioarteko komunitateak bere konpromisoak bere ez baditu egiten ere, Arregik adierazi zuen “ze gutxiago herri txikien arteko elkartasuna baino”. Bide batez, Arregik elkartasuna adierazi zien Saharar eta Tichlako herritar guztiei euskal herritarren izenean eta bereziki Zestoako herritarren izenean. Eta eskerrik beroenak eman zizkien urte guzti hauetan saharar herriaren oinarrizko bizi baldintzak hobetzeko helburuz lanean aritu diren eta ari diren Zestoako herritar boluntario guztiei eta nola ez, Wadna elkarteari.

Tichlako alkatearekin eta bertako auzo ordezkariekin egindako bileran Zestoako udalak bideratzen duen laguntza eta bertako premiak aztertzen aritu ziren. Nagusiki ur hornidura eta bertako administrazioarentzat lagungarri izan dadin euskarri informatikoen kudeaketan laguntzeko prestasuna adierazi du Mikel Arregi alkateak. Horrela, bidaia honetan, besteak beste hiru ordenagailu eraman ditu Zestoako Udalak eta helburua epe motzean Tichlako erroldak digitalizatzea izango da.

Tichlako alkateak eta Fronte Polisarioko koordinatzaileak eskerrik beroenak eman dizkiete Zestoako herriari eta bertako boluntarioei urte guzti hauetan emandako laguntzagatik.

1