Berriak

Atzealdea Santi Ugarterekin eta Joseba Illarramendirekin Zestoako Zaintzaren gaiari buruz solasean

Zaintzaren gaia Zestoako Udalak legegintzaldi honetan duen egitasmo estrategikoetako bat da. Herri proiektu honek bere baitan biltzen ditu eragile desberdinak, Joseba Illarramendi, San Juan egoitzako zuzendaria eta Santi Ugarte, 3Z Elkarteko kidea horietako bi dira. Azken udal aldizkarian EHUko Matxalen Legarreta irakaslea elkarrizketatu dugu, EHUko bi ikaslek Zestoako Adinekoen Mahaian parte hartzen duten eragile desberdinek zaintzaren inguruan egiten ari diren lana aztertu baitute. Aldizkariak orri mugatuak dituenez eta gai honetan herriko eragile desberdinen iritzia jasotzea garrantzitsua denez, bi elkarrizketa horiek gune honetan jaso ditugu.

2022·11·30


Joseba Illarramendi: “Zaintzaren gaia adin guztietara zabaldu behar da, guztion ardura izan behar du

Joseba Illarramendi San Juan Egoitzako zuzendariak bere bulegoan hartu gaitu. Elkarrizketan egon da baita ere Saioa Lasa egoitzako psikologoa.

Illarramendik kontatu digu 2019an ‘San Juan Etxea’ deituriko plan estrategikoa abiatu zutela. Bertako langileekin honako galdera nagusiari erantzun nahi izan zioten: “Etorkizunean zer zainketa izan nahiko genuke geuretzat eta zer egoitza edo etxe eredu?”. Hausnarketa hark 10 puntu zehatzetan oinarritutako dokumentua osatzera eraman zituen eta hortik abiatuta, pixkanaka, egoitza bateko hausnarketa bezala hasi zena, herri proiektu bihurtu da, Zestoako Udala bultzatzen ari den Izarraitz egitasmoa gorpuztuz.

Zer suposatzen du zuentzat Izarraitz egitasmoak?

Izarraitz egitasmoaren gakoa da nire ustez zaintzaren esparruan estrategia bateratua eraiki nahi dela. Udalak bere egin du eta gaur egun herri proiektua da. San Juan Egoitzak zerbitzu profesionalak eskainiko ditu, baina zaintza komunitate osoaren inplikazioa eskatzen duen arloa da.

Eraiki nahi den zaintza ekosistemaren abiapuntua zaurgarritasun egoerak detektatzea da. Zer nolako egoerak dira horiek?

Sarritan pertsona baten autonomia falta aipatzen da, baina autonomiarako ahalmena zerbait fisikoa da. Gaur egun ikusten dugu behar berriak sortzen ari direla, asko bakardadearekin zerikusia dutenak. Batzuetan fisikoki mugapena jasan duen pertsona bat dator egoitzara, baina etxean bere bikote edo senidea bakarrik geratzen da eta sarritan etxean geratu den hori okerrago dago egoitzara datorrena baino. Egoera horiek guztiak identifikatzea oso garrantzitsua da. Babes maila desberdinak artikulatu behar dira.

Zestoan nahikoa barneratuta al dugu zaintzaren gaia?

Gai hau adin guztietara zabaldu behar da, guztion ardura da. Adibidez, osatu den Adinekoen Mahaian ez daude gazteak eta egon beharko lukete. Herri osoaren kontzientziazioa beharrezkoa da.

 

 

 

Santi Ugarte: “Familian oinarritutako zaintza ereduak ez dio behar guztiei eutsiko, beste eredu bat behar da”

Santi Ugarte, 3Z Elkarteko ordezkaria da. Gizartea nola ari den aldatzen ikusita, 10-12 lagunek elkartea osatzea erabaki zuten, gehienak erretreta hartuta edo hartzear daudenak. Euren helburua herrian zaintzaren gaian ekarpena egin eta guztien artean egin daitekeenari buruzko gogoeta abiatzea da.

Zergatik sortu zenuten 3Z Elkartea?

Elkartea osatzen dugun guztiok izan dugu esperientziaren bat familiarteko kideren bat zaintzen eta bizipen hori gure etorkizuneko zaintzarekin lotzen hasi ginen. Gainera, hau lantzen hasi ginenean, egoitza handiak zeuden modan eta atzerritar gero eta gehiago etxeko zaintza eta zereginetan. Bagenekien baita ere, San Juan Egoitza oso herriari lotua zegoela eta gauzak egiteko gogoarekin. Beste eredu batzuk ikusi genituen eta Udalera jo genuen.

Gizartea aldatu egin da eta eredu berria beharrezkoa da?

Familiaren egonkortasuna ez da lehengoa. Seme-alabak kanpora doaz sarritan eta orduan, zaintza guztia profesionalek egin behar al dute? Ez dago dirurik hori ordaintzeko.

Gaur egun erretreta hartzen duen jende asko egoera onean dago. Zahartzea da dagoen gauzarik naturalena eta fase hori bizi egin behar da, oraindik probetxuzkoak gara. Horregatik, erretreta hartuta gaudenok ere antolatu gaitezke eta zerbait egin: ezinduei edo bakardade egoeran daudenei kalera lagundu, autonomiaren lanketan lagundu... Zestoa Osasuntsu adibidez, oso eredu ona da. Mota honetako ekintzak sustatu behar dira. Ekintza guztiak ez dute zertan fisikoak izan behar. Zentzu horretan adibidez, elkartetik kartoi tailerra egin dugu. Horrek helduentzako espazio bat irekitzea ahalbidetzen du, non hitz egiten den eta partekatzen den eta hori beharrezkoa da, ze bestela ez dago komunitaterik.

Zaintza komunitarioa beraz, beharrezkoa da.

Bai, baina nola egiten da hori? Elkarrekin asko hitz egin behar dugu eta ehun komunitario hori ongi antolatu. Herria txikia izateak abantaila du. Lasai hartu behar da gaia eta bakoitzak ekarpenak non egin ditzakeen ikusi.

Eta hemendik aurrera zer?

Udala animatuta ikusten dugu. Zestoan badira ezaugarriak zerbait interesgarria egiteko (elkartea, egoitza, udala...).