Agenda
Zestoako Udalaren eta Zestoako Abantzu Pilota Klubaren laguntzarekin, larunbata honetan, Abenduak 14, adimen urritasuna duten kirolariek Gipuzkoako Paleta Txapelketa jokatuko dute Udal Kiroldegian
Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioaren eskutik, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioarekin elkarlanean, larunbata honetan, Abenduak 14, Gipuzkoako Paleta Txapelketako denboraldiari hasiera emango zaio Zestoako kiroldegian. Adimen urritasuna duten 15 kirolarik parte hartuko dute Teniseko Paleta Egokituko modalitatean. Hauetatik, 4 emakume eta 11 gizon.
Liga honen hasieran parte hartuko duten kirolarien artean, Jurdan Arakistain Zestoarra izango dugu. Iazko, bere multzoko Gipuzkoako Txapeldunak, bere herrian liga hasierari emango dio. Beraz, kirolari peto-petoa den Jurdanek beste txapela bat Zestoara ekartzeko lehian ikusteko eta animoak emateko aukera paregabea izango dute zestoar guztiek.
Partidak goizeko 10:00etan hasiko dira eguerdiko 13:00ak arte. Buruz buruko lehen jardunaldi honetako konpetizio sistema hauxe izango da: aurreko denboraldian lortutako sailkapenaren arabera hiru multzoetan banatuko dira kirolariak, urdina (3 kirolari); Txuria (5 kirolari); Gorria (7 kirolari)
Denek denen kontra jokatuko dute multzo bakoitzean. Zenbat tantuetara jokatuko diren partidak, multzoaren araberakoa izango da. Hala, Urdin taldekoek 10 tantoetara jokatuko dute; Txurien taldeko partidak 8 puntura izango dira; azkenik, Gorrikoek 6 puntuetara jokatuko dituzte partidak.
Inklusiorako eta normalizaziorako bidean ezinbestekoak ditugu horrelako ikuskizunak. Beraz, animatzen ditugu Zestoar guztiak txapelketa honetara hurbil daitezen kirolari hauek emango duten ikuskizunarekin gozatzera 2019ko abenduaren 11