Berriak

Atzealdea Piaspe proiektua dela-eta herri mailako gogoeta estrategiko baten beharra azpimarratu du Zestoako Udal Gobernuak

Pasa den azaroaren 4an Statkraft enpresak proposatutako Piaspe proiektuari buruzko batzar irekia deitu zuen Udalak.

2022·11·07


Lehenik eta behin Udal Gobernu honek eskerrak eman nahi dizkie bertaratu ziren herritarrei, erakutsitako interesagatik eta partekatutako iritzi eta ikuspegi desberdinengatik, gai honetan beharrezkoa den ahalduntzea eta gogoeta estrategikoaren prozesua abiatzeko ezinbesteko abiapuntua baita.

Batzar irekiaren helburua zen gai honi buruz Zestoako Udalak oraingoz duen informazio guztia herritarren esku jartzea eta oraingoz dituen datuetan oinarrituta Udal Gobernuaren iritzia partekatzea. Zestoako Udalak lehendabizi herritarrekin gaia lantzea erabaki du, Statkraft enpresaren parte-hartzerik gabe; nahiz eta Norvegiarrak prest egon Zestoan ere agerraldia egiteko. Udal Gobernu honek uste du gai honek epe labur, ertain eta luzeko lanketa behar duela, herritarrekin batera, ikuspegi desberdinak bateratuz eta guztion ahalduntzea helburu izango duen prozesua abiatuz.

Mikel Arregi alkateak ostiraleko batzar irekian emandako azalpenek garbi erakusten dute gai honek zerikusia duela ez soilik energiarekin, baita klima aldaketarekin, gizartearen ongizatearekin, kontsumo ohituren aldaketaren beharrarekin eta oro har planeta honetako izaki bizidunen iraupenarekin. Beraz, gaia ez da egun batetik bestera ebazteko modukoa eta kontuan hartuta Piaspe proiektua hastapenetan dagoela (beharrezko azterketak egin gabe daude eta martxan jartzerako 2027 urtea aurreikusten da), Zestoako Udal Gobernuak herritarrekin batera hausnarketa eta ahalduntze prozesua abiatzeko apustua egiten du. Oraindik prozesu hau nola landuko den ez daki, baina adituak gonbidatuta, hitzaldiak antolatzea edo gogoeta saio komunitarioak prestatzea, izan daitezke aukeretako batzuk.

 

Trantsizio energetikoari buruzko gogoeta

Zestoako Udalak trantsizio energetikoaren bidean hainbat urrats eman ditu legegintzaldi honetan (Goienerrekin hitzarmena energia komunitatea sortzeko, eraikin publikoetako teilatuen azterketa...); baina ez da nahikoa.

Piaspe proiektuari buruz, nahiz eta Zestoako Udalak oraingoz duen informazioa mugatua izan, aerosorgailuen piezen garraioa Akoako bidetik gora aurreikusten da, horrek Udal Gobernu honi kezka handia sortzen dio. Horrez gain, oso jakitun da proiektu honek sortuko lukeen ingurumen inpaktua, inpaktu bisuala eta bertako bizilagunekiko eragina handia izango dela. Gauzak honela, Arregik adierazi zuen moduan, gaur gaurkoz Zestoako Udal Gobernuak esku artean dituen datu urriekin proiektu hau “ezin du babestu”, baina aztertzeko prestasuna azaldu du; batetik energiaren jabetzaren inguruko berritasunak daudelako eta bestetik abiatu beharreko trantsizio energetikoa emateko “intentsitate handiko ekipamenduak” beharrezkoak izango direlako. Zentzu horretan esan Zestoako kontsumo elektriko osoa (domestikoa gehi industriala) urteko 41,6GWh-koa dela. Kontsumo horri aurre egiteko esate baterako herrian sortzear den Argiola energia kooperatibak urteko 1,5 GWh sortzea aurreikusten da eta Piaspe proiektuak berriz 84,7 Gwh sortuko luke.

Hala ere intentsitate handiko ekipamendu horiek nolakoak eta zenbat izan behar duten, aztertu beharreko gaiak dira eta horregatik Udal Gobernu honek estrategia orokor bat eraikitzeko premia plazaratzen du; alde batetik Euskal Herri mailakoa eta bestetik herri mailakoa, herritarren parte-hartzean eta gogoeta komunitarioan oinarritua, ikuspegi desberdinak daudela aintzat hartuta, gaia modu eraikitzailean lantzeko eta gainean dugun arazoaren dimentsioa behar bezala barneratzeko. “Planifikazio orokorrik ez dago eta hori ezertan hasi aurretik egin beharreko kontua da. Estrategia integralik gabe, aerosorgailuak besterik gabe jartzea ez da soluzioa. Egia da hemen dugun energia berriztagarri bideragarri eta eraginkorrena haizea dela, baina aerosorgailuak jartzearekin bakarrik ez goaz inora, bestelako etxeko lanak ere egin behar dira. Ez dakigu zenbat parke eoliko eraikitzea den beharrezkoa, justua eta jasangarria”, gaineratu zuen Arregik.

Arregik beharrezkoa den trantsizio energetiko horri dagokionez, azpimarratu zuen kontsumo murrizketa estrategiaren barnean sartu behar dela, erregai fosilak berriztagarriengatik ordezkatu beharko direla, 2035tik aurrera ziurrenera soilik ibilgailu elektrikoak erosi ahal izango direla, elikadura burujabetza edo bertako elikaduran oinarritutako sistemara itzultzea beharrezkoa dela eta baso politika ordenatu bat eraiki behar dela, baso mistoak bultzatuz baina era berean, jarduera industrialerako ere egurra beharrezkoa dugula ahaztu gabe.

Abiatu beharreko gogoeta sakona da eta buru bezain erpin eta ikuspegi desberdinak izan ditzake. Arregik adibidez, batzar irekira bertaratutakoei galdetu zien ea 3.800 biztanle dituen udalerri batek onartu al dezakeen erregai fosilak kontsumitzen dituzten ia 3.000 ibilgailu izatea eta prest al gauden errealitate hori aldatzeko. Pentsa daiteke jarduera industriala dela aurrean dugun egoeraren erantzule nagusiena, baina “industriak Barne Produktu Gordinari egiten dion ekarpena handia da eta industriarik gabe ez legoke ez hezkuntzarik ezta osasun sistema publikorik ere”, azpimarratu zuen Arregik.

 

Marko juridikoa eta udalen eskuduntzak

Udal Gobernu honek hala ere garbi utzi nahi du, gai honetan udal bezala duen ahalmena murritza dela, baina horrek ez duela esan nahi posizionatu behar ez duenik; are gehiago, egin behar du. Zentzu honetan Arregik marko juridikoa aipatu zuen. Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala egiteko prozesua abiatu duela aipatu zuen eta Interes Publiko Goreneko Proiektuen Legea (PIPS) ere aipatu zuen, zeinak udalak kontu hauetan eskuduntzarik gabe uzten dituen.