Berriak

Atzealdea Osasun zentroko pediatriako itxarongelan liburu-bilduma bat jarri da haurrek erabil ditzaten

Pediatriako profesionalek euren kezka azaldu dute geroz eta haur gehiago direlako itxarongelan pantaila aurrean ikusten dituztenak.

2025·03·06


Zestoako anbulategiko pediatria sailetik kezka agertu dute azkenaldian konturatu direlako geroz eta haur gehiago direla itxarongelan dauden bitartean pantailen aurrean daudenak. Hori dela eta, liburutegitik ekarpena egin nahi izan da eta liburu-bilduma bat dohaintzan eman du Zestoako liburutegiak. Itsaso Zubiria liburutegiko arduradunak adierazi duen bezala “kezka horrekin bat egiten dugu eta gure aletxoa jarri nahi izan dugu liburutegitik, ekarpen hau eginda”.

Geroz eta ahots gehiago dira azkenaldian pantailek eragiten dituzten kalteez ohartarazten gaituztenak, eta horren aurrean Zestoako osasun zentroko pediatria saileko profesionalek zein liburutegiko arduradunak bat egin dute egitasmo honetan, izan ere Zubiriak adierazi duen bezala “liburuek amets eginarazteko boterea dute eta Zestoako ume guztiek daukate orrietan murgilduta hegan egiteko eskubidea. Gure seme-alabei kalitatezko eta patxadazko denbora eskaintzeko aukera ezin hobea da liburuaren magia. Helduon ardura da eskubide hori bermatzea, burua ixten dieten pantailetatik pixka bat aldendu, burua altxa eta benetako mundua ezagutzen laguntzea. Ez diezazkiegun begiak itxi, eman diezazkiegun buru kritikoak eraikitzeko tresnak”.

Hemendik aurrera, beraz, osasun zentroko pediatriako itxarongelan ere liburuekin gozatzeko tartetxoa hartzeko aukera izango du nahi duenak.