Berriak
Nafarroako erdialdeko uholdeek eragindako kalteei aurre egiten laguntzeko dirulaguntza ematea onartu du Zestoako udalak
2019·10·02
Lehengo uztailaren 8an uholdeak izan ziren Nafarroan erdialdean eta kalte material handiak eragin zituzten, hainbat herri gogor kolpatuz. Zonaldeko herriek elkartasunerako deia egin zuten, Euskal Herriko udalerriei, bakoitzak bere aukeren arabera laguntza ekonomikoa bidera zezan.
Hori dela eta, Mikel Arregi alkateak hitzarmena egiteko proposamena mahaigaineratu zuen osoko bilkuran. “Tafalla eta Erriberako udalek dirulaguntza eskatu dute, eta elkartasuna adierazteko egokia iruditu zaigu hirurehun euroko laguntza ematea, nahiz eta sinbolikoa izan. Edonori toka dakioke”.
Zestoako udaleko osoko bilkurak aho batez onartu zuen 300 euroko laguntza bideratzea, jarraian irakurgai dagoen hitzarmenaren baitan:
Lehenik.- Nafarroako Erdialdean kalteturiko pertsona eta herri guztiekin, eta bereziki Zeru Cañada gaztearen familiarekin, elkartasuna adieraztea.
Bigarrenik.- Herri hauetako azpiegitura eta zerbitzuen berreraikuntzan laguntzeko xedearekin, 300,00 euroko dirulaguntza onartzen da.
Hirugarrenik.- Udal honek bere herritarrei auzolan ekonomiko honetan parte hartzeko
gonbitea luzatzen die, kalteturiko udalek horretarako ireki dituzten kontu korrontetako batean nahi duten diru laguntza egiteko.
Laugarrenik.- Udal honek bere herritarrei hitzarmen honen berri emanen die bere irispidean dauden medioen bitartez.”
“Lehengo uztailaren 9an jazotako eurite ugariek eta Zidakos ibaiaren uholdeek Nafarroako Erdialdeko herri anitz (Tafalla, Erriberri, Puiu, Beire, Pitillas, Orbaibar, Bizkaia ibarra...) gogor kolpatu dituzte, Nafarroako Gobernuak zonaldea hondamen-eremutzat hartuz. Etxebizitza, garaje eta saltokietan kalte handiak sortzeaz gain, oinarrizko azpiegiturak, kaleak, komunikabideak eta nekazal bideak kaltetuak izan dira.Konpondu ezinezko kaltea izanda Gardalain (Nafarroako Bizkaian) herriko Zeru Cañada gaztearen heriotza.
Zestoan, 2019ko irailaren 26an.