Berriak
2020·06·25
Zestoako Udalak maskara berrerabilgarriak banatuko ditu etxez etxe datozen egunetan. Aurreneko maskarak Arroabean banatu ziren atzo, bertako boluntarioek atzo hasi zuten banaketa. Zestoako herrigunean gaur hasiko eta datozen egunetan egingo da eta herrigune hauek bukatuta gainontzeko auzoetara joko dugu.
Koronabirusak eragindako pandemia garaiotan, oraindik hilabete batzuetan zehar derrigorrezkoa izango da maskaren erabilera zenbait zerbitzu erabiltzerako orduan eta hainbat jarduera burutzerako orduan.
Herritar bakoitzari maskara berrerabilgarri bana emango zaio. Alde batetik, jasangarritasunaren ikuspegitik, erabilera bakarreko maskarak erabiltzen jarraituz gero, laster ozeanoak maskaraz beteko dira. Bestetik, hainbat zerbitzu erabiltzerakoan eta zenbait jarduera burutzerakoan erabilera derrigorrezkoa denez, Zestoako Udalak egoki ikusi du banaketa masiboa egitea.
Auzolanari esker izan da posible
Udalak material egokia erosi eta herriko 40 jostun boluntarioen lanari esker izan da posible. Banaketa ere herriko boluntario sarearen bitartez egingo da.