Agenda
Atzealdea

Maiatzaren 3ko Umeen Danborradarako karroza egiteko lehiaketa

Lanak aurkezteko epea
4 OTS 21 OTS
Zestoa | Herriko jaiak | 2020

XEDEA

Jakina denez, Zestoako Umeen Danborradan aspalditik atera izan da karroza. Urte askotan, herriko boluntario talde batek egin izan du karroza hori, eta beste urte batzuetan –gutxitan– enpresa espezializatuei enkargatu zaie. Aurtengoan ere, Zestoako Udalaren asmoa da sormenari, ideia eta ikuspegi berritzaile eta freskoei tartea eskaintzea. Horretarako, karroza egiteko lehiaketa antolatzea erabaki du.

 

LEHIAKETAREN HELBURUAK

  • Urte askotako ohitura den karroza egiterakoan, herriko jendea subjektu aktibo izatea.
  • Karrozaren bidez, gai eta ikuspegi anitzak plazaratzea.
  • Sormenerako abilidadeak dituztenei aukerak ematea.

 

EGINBEHARRAK

  • Umeen Danborradarako karroza ideiatzea eta diseinatzea maketa baten bidez.
  • Irabazle suertatuz gero...
    • Karroza egitea.
    • Karrozak inguruan behar dituen pertsonaiak bilatzea eta haien jantziez eta abarrez arduratzea.
    • Danborrada egunean, karrozaren segurtasunerako behar diren pertsonak lortzea.

 

PARTE-HARTZAILEAK

Lehiaketa publikoa eta irekia izango da. Lehiaketa honetan 18 urtetik gorako pertsonek, banaka edo taldean, parte hartu ahal izango du, epaimahaikoek izan ezik.

Parte-hartzaile bakoitzak lan bat baino gehiago aurkeztu ahal izango du. Lana originala izan beharko du.

 

GAIA

Gaia aukeratzeko garaian kontuan hartu beharko da, lehendabizi, umeen danborradarako izango dela eta, ondorioz, ume eta gaztetxoen esparruko gaiek lehentasuna izango dutela. Gaia librea baina izaera integratzailea izan beharko du. Edozein pertsona edo erakundeekiko konnotazio sexistak, xenofoboak, arrazistak edo ofentsiboak dituzten lanak baztertu egingo dira.

 

LANEN EZAUGARRI TEKNIKOAK

Karroza proposamena 1:10 eskalako maketa baten bidez aurkeztuko da. Maketa, itxurari eta diseinuari dagokionez, ahalik eta zehatzena izan beharko du. Hala ere, ez dauka karrozaren material berdinarekin egindakoa izan beharrik. Maketarekin batera, memoria bat aurkeztuko da eta bertan ondo zehaztuko dira koloreak, materialak eta abar. Idatzizko zerbait badarama, Zestoako Udaleko hizkuntza-irizpideak bete beharko ditu.

Karrozaren euskarriaren (gurdia): Zorua: 4,40 x 2,30; gurdiak atzeko partean pareta izaten du: zabalean 1,84, altura 1,53.

 

SARIAK

Lan sarituak 3.000 euroko diru-laguntza jasoko du (karroza egiteko materiala eta bestelakoak barne).

 

LANEN AURKEZPENA

Aurkeztutako maketek izenburu edo tituluren bat izan beharko dute azpian. Egilearen sinadurarik gabe aurkeztuko dira. Maketarekin batera memoria aurkeztuko da eta han ere maketak daraman izenburu edo titulu bera jarriko da kartazalean.

Maketarekin eta memoriarekin batera gutun-azal itxi bat aurkeztuko da, kanpoaldean lanaren izenburuarekin. Gutun-azalaren barrualdean, berriz, lanaren egilearen ondorengo identifikazio datuak aurkeztuko dira: Lanaren izenburua; izen-abizenak; helbidea; telefono zenbakia; helbide elektronikoa; Nortasun Agiriaren fotokopia.

Aurkeztutako lanean pertsonaren baten irudia agertuz gero, pertsona horrek lan horretan azaltzeko eta lanaren edizioa egin ahal izateko emandako baimena sinatuta aurkeztu beharko da.

 

Lanak zuzenean aurkeztu ahal izango dira, honako helbidean:

Zestoako Udala

Foru plaza 1 – 20740 ZESTOA (Gipuzkoa)

Telefonoa: 943 147 010

 

Lanak aurkezteko epea deialdi hau argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta otsailaren 21ean amaituko da. Oinarri hauek, hedabideetan eta zestoa.eus web gunearen bidez emango dira ezagutzera.

 

GARAPENA

  • Saritzen den lana karroza bihurtzeko, maiatzaren 2ra arteko epea izango da.
  • Zestoako Udalak lokal egokia eskainiko du karroza egiteko. Halaber, udalak jarriko du karrozaren gurdia eta karroza garraiatzeko ibilgailua.
  • Material guztia lehiakideen kontura izango da. Erremintak ere norberak jarri beharko ditu. Zenbait kasutan, salbuespen modura, udalak jarri ahal izango du zenbait erreminta.
  • Kontuan hartu beharko da karroza egiten denean, sendotasun eta segurtasun baldintzak bete beharko dituela, are gehiago, gainean haur eta gaztetxoak eramatea aurreikusten bada. Udal aparejadoreak aztertu ahal izango du baldintza horiek betetzen diren. Eta betetzen az badira, dagozkion neurri zuzentzaileak hartu beharko dira.
  • Bestalde, ibilbideak dituen ezaugarriak kontuan hartu beharko dira karroza egiterakoan, eta, ondorioz, oztopoak oztopo, (orografikoak zein arkitektonikoak), ibilbide guztian pasatzeko modukoa izan beharko du.
  • Karroza, Zestoako Udalak propio eginda daukan euskarrira egokitu beharko da. Era berean, udalaren kontura izango da karrozaren barandilla egitea.
  • Karroza egiten parte hartzen dutenak beharrezko segurtasun eta prebentzio neurriak hartu beharko dituzte, istripurik gerta ez dadin, eta Zestoako Udala ez da gertatutako istripuen erantzule egingo.
  • Karrozarekin batera doazen pertsonak edo figuranteak (gutxienez 6 ume) Zestoako herri Ikastetxeak aukeratuko ditu, eta haien arropak, makilatzea eta abar karrozaren egileen ardura izango dira.
  • Goxokiak (25 kilo, zeliakoentzat aparte, herriko establezimenduetan erosita), konfetia (bi poltsa) eta abar ere lehiaketako irabazleen kontura izango dira.
  • Karroza kalera ateratzen denetik atzera berriz biltegira sartzen denera arte, segurtasunerako pertsonak jarri beharko dira, ikusleek minik ez dezaten hartu. Segurtasun talde hori lehiaketako irabazlearen kontura izango da.
  • Behin bukatuta, karroza dena desmuntatu eta gorde beharko da. Horretarako, zabor tratamendu egokia egitera behartua dago lehiaketako irabazlea.
  • Zestoako Udalak une oro jarraitu ahal izango du lanen garapena, eta horretarako nahi duen oro sartu ahal izango du karroza egiten ari den lokalean.
  • Ordainketa 2020ko maiatzaren 4tik aurrera egingo da, hilabeteko epean.

 

BALORAZIO IRIZPIDEAK

Lanaren alderdi teknikoa:

  • Erabili diren tekniken (egur-langintza, papergintza, margotzea, oihala, burdina...) garapena; langintza txukuna eta bukaera onekoa.
  • Behar izan den denbora eta giza baliabideak.
  • Gaiak Zestoako egungo edo garai bateko gertakariekin edo Zestoako Udalak edo herriko eragileek garatzen duten jarduerarekin zerikusia izatea.
  • Ikuspegi integratzaileari eta giza baloreei egiten dien ekarpena.
  • Ikusgarritasuna.

Originaltasuna:

  • Gaiaren originaltasuna.
  • Material aldetik ekarpen originala.
  • Erabilitako tekniken originaltasuna.

Freskotasuna.

  • Sormena, tratamendu estandarizatutik kanpo.

 

EPAIMAHAIA ETA EBAZPENA

Epaimahaia Zestoako Udaleko Gazteria, Kirol eta Jai Batzordeak osatuko du. Nolanahi ere, komenigarria irudituz gero, aholkulari gisa pertsona gehiagok parte hartu ahal izango dute.

Oinarrietan aurreikusi gabeko kontuetan, epaimahaiak izango du erabakiak hartzeko ahalmena.

 

JABETZA INTELEKTUALA ETA LANAK ERABILTZEKO ESKUBIDEAK

Lehiakidea izango da lehiaketaren helburuak betetzeko erabilitako material, prozedura eta ekipoen jabetza intelektual, industrial eta komertzialaren inguruko edozein erreklamazioren erantzule, eta dagozkion kalte ordainak emango dizkio administrazioari, edozein erreklamazioren ondorioz hari sor liezazkiokeen kalte-galerengatik.

Lehiaketara aurkeztutako lanen egileek Zestoako Udalari uzten dizkiote irudiaren ustiapen eskubideak, esklusiban eta denbora mugarik gabe; horien artean direla, adibide gisa eta hauetan agortu gabe, eraldatzeko, inprimatzeko, argitara emateko, eta hedapen eta zabalkundea egiteko eskubideak, edozein prozedura edo bidetik, edonolako euskarrian, eta egoki iritz dakiokeen bezainbat alditan. Nolanahi ere, lan horiek ezingo dira xede komertzialerako erabili.

 

OINARRIAK ONARTZEA

Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek guztiak onartzea.


ARGIBIDE GEHIAGO

Zestoako Udala. Foru plaza 1 – 20740 ZESTOA. Telefonoa: 943 147 010. Posta-e: kultura@zestoa.eus