Agenda
Atzealdea

LGTBI harrotasunaren nazioarteko eguna

Udalaren adierazpen instituzionala
28 EKA
2021

52 urte igaro dira Stonewallen lesbiana, gay, transexual eta, batez ere trabestiak, poliziaren aldetik jasaten zituzten jazarpena eta xantaiaren aurrean erreboltatu zirenetik: data hori mugarri bihurtu zen LGTBI pertsonen borrokan. 10 urte beranduago, 1979ko ekainaren 10ean, polizia batek Antonio Vicente Santa María (Francis) hil zuen Errenteriako diskoteka batean, trabesti izateagatik. Ekainaren 28 horretan LGTBI pertsonek eta kolektiboek Euskal Herriko kaleak hartzen dituzte estreinako aldiz, euren sexualitatea eta generoa modu askean bizitzea aldarrikatuz.

Stonewalleko gertakarien geroztik ekainaren 28an LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da: borroka disidente luzea eta egindako lorpenak ospatzeko eguna da, baita eskubideen eremuan aurrerantz egiteko falta den guztia aldarrikatzeko eguna ere: eskubide berberak dituen jende askearen gizartea izateko, sexu-desioaren orientazioagatik edo genero-identitateagatik bereizkeriarik gabe.

Pandemiak agerian utzi du eskubideetan egindako aurrerapenak, kolektiboen eta ekintzaileen urteetako borroka neketsuari esker lortu direnak, hauskorrak direla, eta oso erraza dela horiek galtzea eta atzera egitea. Gorroto-diskurtsoak eta erasoak areagotzen ari dira, eta LGTBI pertsona askoren bizi-baldintza orokorrak okertzen ari dira.  Orain, osasun-krisitik ateratzen ari garenean, "normaltasun" desiragarrira itzultzearen diskurtsoak gailentzen ari dira: normaltasun horrek, ordena sozialean mendeko egoeran daudenentzat, bazterretan daudenentzat, baztertuta bizitzen jarraitzea esan nahi du, beren eskubideez baliatu gabe edo dituztenak galduta ere bai.

Krisi-une honetan, inoiz baino gehiago konprometitu behar gara, konpromisorik gabeko adierazpen hutsak baztertuz. Erakundeetatik pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatzeko erantzukizuna dugu, eta bereziki zaindu behar dugu LGTBI bezalako kolektibo zaurgarrienek eskubide horiek izan ditzaten. Aitzakiarik gabe, politika eraldatzaileak eta baliabideak bermatu behar ditugu, gure udalerri eta herrialdetako LGTBI pertsonen beharrei eraginkortasunez erantzuteko: krisiaren ondorio negatiboak iraultzeko premiazko politikak eta sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik mendekotasunik eta hierarkiarik gabeko gizarte-eredurantz transitatzeko aukera emango diguten politika emantzipatzaileak, euskal jendarte errespetuzkoago, justuago, duinago eta askeago baterantz aurrera egiteko.

Urtero bezala, ekainaren 28 honetan aitortu nahi dugu LGTBI kolektibo eta pertsona ugariren borroka luze eta ordainezina Euskal Herrian: garai zail hauetan, pertsonen eta gure herriaren emantzipaziorako erreferente direla erakusten jarraitzen dute.

Era berean, Udal honek LGTBI pertsonen eskubideekin urteko egun guztietan duen konpromiso politikoa berretsi nahi dugu. Adierazpenetatik harago, gure konpromisoa politika zehatzetan islatu behar da, bakoitzak bere giza baliabide, baliabide tekniko eta ekonomikoekin: mugimendu feminista eta LGTBI mugimenduko ordezkari eta adituekin adostu behar diren politikak.

Horregatik, Udal honek honako hau egiteko konpromisoa hartzen du:

  1. LGTBI pertsonen egoeraren eta beharren diagnostikoa egitea, pandemiaren krisiaren eraginaren ondorioz, beste erakunde, kolektibo eta gizarte-eragile batzuekin koordinatuta.
  2. Egindako diagnostikoari erantzungo dion plan edo neurri-multzoa bultzatzea, premiazkoenak diren ekintzak lehenetsiz.
  3. LGTBI pertsonen aurkako indarkeriaren aurrean erakundeen koordinazio, arreta eta erantzun publikorako protokoloak diseinatzea eta abian jartzea.
  4. LGTBI pertsonen eskubideak bermatzera bideratutako neurriak aktibatzea, hala nola: administrazio-formularioetan aldaketak egitea, aldagelak eta komunak egokitzea instalazio publikoetan etab.
  5. LGTBI biztanleriaren aurkako gorroto-diskurtsoak identifikatzeko mekanismoak ezartzea, eta hainbat eremutan diskurtso horiei eta jazarpen eta eraso LGTBIFobikoei aurre egiteko ekintzak bultzatzea (protokoloak, araudi espezifikoak, etab.).
  6. Sexu eta genero disidentziaren gaineko prestakuntza prozesuak bultzatzea, langile publiko eta politikoentzat, bereziki, jendeari arreta emateko, eta gizarte- eta hezkuntza esparrurako.
  7. Sentsibilizazio kanpaina feministak egitea, egungo testuinguru sozialera egokituta, sexu-orientazioaren eta genero identitatearen adierazpen aniztasunari eta eremu desberdinetan LGTBI pertsonenganako indarkeriaren eta diskriminazioaren adierazpen eta forma anitzei buruzko kontzientzia kritikoa hartzea errazteko.

Herritarrei dei egiten diegu LGTBI mugimenduak eta mugimendu feministak gure herri eta hirietan deitutako ekintzetan parte har dezaten.

Denontzako askea eta bidezkoa den Euskal Herri baten alde!