Berriak
Atzealdea Larunbatean Aizarnako elizan “Zaindu dezagun gure ondarea” saioa izango da
2025·11·19

Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat lanean diharduen talde batek proiektu berritzaile bat martxan jarri nahi du. Proiektu honen helburua, herritarren parte-hartze aktiboarekin Gipuzkoako ondare kultural erlijiosoa balioan jartzea da.
Gizartea sekularizatzen eta zahartzen ari da, eta ondorioz azpiegitura erlijioso asko dagoeneko ez direnez erabiltzen, ondare hori babesteko estrategiak aldatzea ezinbestekoa dela ikusi dute. Ondare horren kontserbaziorako, erabilera sozial eta kultural berrietara egokitzea beharrezkoa dela ikusi dute.
Hori dela eta, horren inguruan hitz egiteko eta hausnartzeko, espazioak sortu nahi dituzte Gipuzkoako hainbat parrokiatan, eta ondare aldetik duen balioagatik Aizarnakoa aukeratu dute proba pilotua egiteko.
Larunbatean, azaroak 22an, 11:00etatik 13:00etara Aizarnako elizan egingo den hausnarketa saioan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi zaie parte hartu nahi duten herritar guztiei.
Larunbateko saioan, Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentrotik arte historialari bat eta zaharberritzaile bat izango dira eta ondare aldetik herrian daukagun altxorraren garrantziaz, azkeneko urteetan Aizarnako elizan egin dituzten lanei buruz eta elizaren historiari buruz hitz egingo dute. Horretaz gain oso garrantzitsua da Aizarnako bizilagunek euren iritzia ematea, etorkizunari begira euren ustez elizak zer erabilera izan behar lukeen azaltzeko.



