Berriak

Atzealdea Konpetentzia sozioemozionalen eta bizikidetza positiboaren inguruko formazioa jasotzen ari dira hiru ikastetxeetako irakasleak

Aizarnako, Arroabeko eta Zestoako eskoletako irakasle guztiak elkarrekin sei orduko formazio saioa jasotzen ari dira Herrikide Ikastetxeko kideen eskutik.

2025·03·21


Zestoako Udalak antolatuta, hiru ikastetxeetako irakasle guztiak "Konpetentzia sozioemozionalen eta bizikidetza positiboaren garrantzia" izeneko formakuntza jasotzen ari dira. Guztira hiru saio egingo dituzte, eta dagoeneko lehenengo bi saioak egin dituzte, azkena aste honetan bertan Arroabeko eskolan egin dute.

Formazioa Herrikide Ikastetxeko kideak ari dira ematen eta formazio honen helburua ikastetxeetan bizikidetza positiboa sustatzea da eta egunerokoan ematen diren gatazken kudeaketarako trebatzea.

Koordinazio mahaia

2024ko uztailean Udala eta herriko hiru ikastetxeen arteko koordinaziorako mahaia eratu zen. Oraingoz bi bilera egin dira eta urtean hiru edo lau bilera egitea da asmoa, bertan, hiru ikastetxeek amankomunean izan ditzaketen gaiak landuz.

Formazio saio hauek antolatzea Aizarnako eskolak proposatu zuen, izan ere, bertan duela bi urte bizikidetza plana egin zuten, eta prozesu horren baitan gatazken kudeaketarako formakuntzaren beharra zutela ondorioztatu zuten. Behar horren berri eman zuten Aizarnako irakasleek koordinazio mahaian eta ikastaroaren proposamena luzatu zuten. Arroabeko eta Zestoako ikastetxeek ere interesa agertu zutenez hiru ikastetxeek formazioa elkarrekin egitea adostu zen.