Berriak
Atzealdea Kiroldegiko frontoiaren ber-inaugurazioaren harira ekitaldiak antolatu ditu Udalak
2024·05·14
Kiroldegiko frontoiko ber-inaugurazioaren harira, hainbat ekitaldi antolatu ditu Zestoako Udalak datozen egunotarako. Datorren astean izango dira aipatutako ekitaldiak. “Euskal pilota garai berrietara egokitzen” izenburupean egingo den mahai-ingurua izango da lehenengo ekitaldia maiatzaren 22an 19:00etan Kutur Etxeko aretoan. Bertan, Iera Agirre pilotari leitzarrak, Jon Alberdi pilotari azpeitiarrak eta Oinatz Bengoetxea pilotari leitzarrak hartuko dute parte. Moderatzaile lanetan, berriz, Kepa Iribar kazetaria arituko da.
Maiatzaren 25ean 18:30ean, berriz, Emakumeen Udaberri Torneoko bertso pilota saioa izango da Kiroldegiko pilotaleku berrituan. Bertan, Eguzkiloreak (Orbegozo, Agirre eta Aldaregia) Mitxoletak (Iturriaga, R. De Larramendi eta Mendiburu) taldearen aurka arituko da. Partidan zehar Nerea Elustondo eta Maialen Akizu bertsolariak arituko dira bertsoak botatzen. Sarrerak 5 euroko prezioa izango dute (haurrek doan) eta Turismo Bulegoan eskuratu daitezke. Egunean bertan leihatilan erosteko aukera ere izango da.
Maiatzaren 26an, berriz, buruz buruko txapelketa nagusiko hiru eta laugarren postuak jokatuko dituzte 17:15ean hasita. Sarrerak aurrez erosteko aukera dago honako telefono zenbakira deituta: 615768980. Egunean bertan ere leihatilan erosteko aukera izango da. Partida Jaka-Imaz bikoteak eta P.Etxeberria-Zabaleta bikoteak jokatuko dute.