Berriak

Atzealdea Iraileko festetako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa martxan da

Lanak aurkezteko azken eguna abuztuaren 5a izango da.

2024·07·18


Irailean ospatuko diren herriko jaietako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa martxan jarri du Zestoako Udalak. 

Lanak aurkezteko azken eguna abuztuaren 5a izango da udaletxeko bulegoetan eta lehiaketan parte hartu ahal izateko beharrezkoa izango da Zestoan errolduta egotea.

Bakoitzak gehienez hiru lan bidal ditzake eta lanak jatorrizkoak, argitaragabeak eta beste inolako lehiaketatan saritu gabeak izan beharko dute. Neurriari dagokionez, berriz, honako neurri hau izan beharko dute: 21 x 21 zm.

Lanek, ondorengo testua eraman beharko dute: Zestoa Festak 2024 edo Zestoako festak 2024. Irabazleak 250 euroko saria lortuko du.

Lan bakoitzarekin batera, karta-azal baten barruan, egilearen datuak eta Nortasun Agiriaren zenbakia idatziko dira. Lanaren atze aldean, berriz, Nortasun Agiriaren zenbakia. Hori guztia (karta-azala lehiakidearen datuekin eta aurkeztu behar den lana), beste karta-azal baten barruan aurkeztuko dira.

Epaimahaia Kultura, Jarduera Fisiko eta Kirola eta Jai Batzordeko kideek eta hark izendaturiko beste adituek osatuko dute. Saritutako lanaren jabea Zestoako Udala izango da, eta horrek argitaratzeko eskubidea izango du. Kasu honetan, egileak ez diezaioke Udalari aparteko ordainik eska.

Oinarri hauetan jasotzen ez den edozein gorabeheratan, epaimahaiak izango du erabaki ahalmena. Lehiaketa honetan parte hartzeak berarekin dakar oinarri eta baldintza hauek guztiak onartzea.