Agenda
Atzealdea

Irailaren 4ko kontzertuari begira, herritarrei eta herritar ez direnei eskaera

Udalaren OHARRA
1 IRA 4 IRA
Zestoa | Kultura | 2021 | COVID19 - koronabirusa | Alkatearen ebazpenak

Jakina den bezala, COVID 19aren eraginez Zestoako Udalak, iaz egin bezala, bere garaian herriko jai nagusiak zein auzoetakoak bertan behera uzteko erabakia hartu zuen. Herriko eragile ezberdinekin egin ziren batzar irekietan “Zestoan udan zer?” egitaraua antolatzea erabaki eta gero, udan zehar segurtasun neurri guztiak beteaz ekitaldi ezberdinak gauzatu dira.

Iragan larunbateko kontzertuan aipatu neurriak bete baziren ere, tamalez kalean jende pilaketa eta anabasa handia izan zen.

Garai errazak ez diren arren gertatua onartezina bezain kezkagarria da eta herritarren osasunean, ostalaritza zein kultur jardueretan eragin kaltegarria izan dezake. Arestian aipatu bezala iaz ere garai berdinean musika ekitaldi ezberdinak antolatu genituen arren, pasa den larunbateko irudi tamalgarririk ikusteko zoritxarrik ez genuen izan.

Ostera, pasa den larunbatean kanpotik etorritako ustekabeko jende uholdea izan genuen eta horrek aipatu ditugun arazoak eragin zituen. Jakinekoa da, bizi dugun egoeragatik izan ez balitz, asteburuan eta ondorengo egunetan herriko jai nagusiak ospatuko genituzkeela baina bigarrenez ez da horrela izango.

Ondorioz, aurreko asteburuan gertatua ezin da errepikatu. Udako egitarauaren arabera astebururako zenbait ekitaldi programatuak daude eta nagusiena ZEA MAIZ musika taldearen kontzertua izango da. Dagoeneko sarrera guztiak agortuta daude eta orain arte bezala kontzertua ikusteko segurtasun neurri guztiak beteko dira. Honek ordea, aurrekoan ikusi bezala kalean jende pilaketak ekiditea ez du bermatzen.

Gauzak horrela, zestoarrak ez direnei ez bertaratzeko eskaera egiten zaie, herriak dituen ezaugarriengatik bertako kaleetan kutsatze orokor bat gertatzeak ondorio larriak izan ditzakeelako.

Denon esku dago arduraz jokatu eta ahal den neurrian arriskua ekidin eta ostalaritza zein kultur eta musika sortzaileei kalterik ez eragitea.

Indarrean dagoen egoera juridikoak tokiko erakundeei ahalmen oso urria eskaintzen badigu ere, Zestoako Udalak herriko tabernari eta ZEA MAYS musika taldearekin adostu ondoren, ondoko neurriak hartu dituela iragartzen du:

  1. ZEA MAYS taldearen irailaren 4ko kontzertua iluntzeko 10:00etatik arratseko 08:00etara aurreratuko da. Aldaketaren ondorioz sarrera erosi eta bertaratu ezin dutenei dirua itzuliko zaie.
  2. Indarrean dagoen araudiak horretara behartu ez arren, herriko tabernak gaueko 10:00etan ixtea adostu da.
  3. Azkenik, Zestoako Udalak “botilloiak” bereziki debekatuak daudela gogorarazten du eta bertan parte hartzen dutenei, debekuaren isunaz gain ingurumenaren aurkako delitua ere leporatu ahal izango zaiela ohartarazi nahi die.

Besterik gabe, arduraz eta heldutasunez jokatzeko gai izango garelakoan, herriko ostalari, musikari eta bizilagunei eskerrak eman eta herriko jaiak elkarrekin disfrutatzeko garaiak zain izango ditugula sinistuta jaso agur bero bat.

Zestoan, 2021eko abuztuaren 31n

Mikel Arregi Urrutia, Zestoako alkatea