Berriak

Atzealdea Iraetara begira, santainesetan

Ate joka dira festak

2016·01·19


Iraetako Santa Ines jaiak ate joka dira jada. Bihar hasiko dituzte Zestoako auzo honetan festak, Santa Ines egunez, eta datorren larunbatera arte luzatuko dira. Egitarau oparoa prestatu du datozen egunetarako Iraeta Denon Artean auzo elkarteak. 30 lagun inguruk antolatu dituzte auzoko jaiak, eta Iban Narbaiza da horietako bat: “Gure helburua da ahalik eta jairik parte-hartzaileenak egitea, geroz eta jende gehiago etorri Iraetara, hobeto”.

Auzo elkarteko kidearen esanetan larunbatekoa izango da festen egunik garrantzitsuena: “Gauza asko antolatu ditugu larunbaterako, goizeko pilota finaletatik hasita”. Azaroaren 22an hasi zen Iraetako pilota txapelketa eta partida dezente jokatu dituzte ordutik. Final handia larunbatean izango da, 11:00etatik aurrera. Igor Eizagirre Kixkurra eta Ander Etxeberria Aitzol Astiazaran eta Iñigo Uria Arrietaren kontra.

Larunbat borobila amaitzeko afari herrikoia antolatu dute, lagun artean gozatzeko.

Errota Harria jaialdia

Igandean aurpegi ezagunak joango dira Iraetara, Errota Harria jaialdia antolatu dute-eta arratsalderako: Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a marka hausten saiatuko da, hamar minutuko txanda bakarrean. Izeta II.arekin batera honakoak egongo dira Iraetako frontoian: Mikel Larrañaga eta Xabier Orbegozo Arria V.a aizkolariak, eta Jexux Mari Iruretagoiena Izeta III.a, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a eta Jon Peña harri-jasotzaileak.

Egitaraua

Bihar, urtarrilak 21

09:30. Diana.
10:30. Txupinazoa.
11:00. Santa Ines eguneko meza.
14:00. Gure Ordeka elkarteko bazkaria.

Urtarrilak 22, ostirala

22:30. XXVI. Mus txapelketa Bekotxe Merenderoan. 22:00etan irekiko da izen-ematea.

Urtarrilak 23, larunbata

11:00. Pilotako finalak.
13:00. Iraetarren arteko pintxo lehiaketa Gure Ordekan.
17:30. Iraetako futbol zelaian, auzoen arteko Futbol 7 misto txapelketa.
19:00. Poteoa Iraetako tabernatan eta frontoian.
21:00. Afari herrikoi irekia frontoian: txorizoa, saiheskiak, salda, postrea eta txotxa.
23:30. Fan&Go taldea.

Urtarrilak 24, igandea

09:00. Diana eta meza.
10:00. Helduentzat hamaiketakoa.
12:00. Poteoa Iraetan.
17:30. Errota Harria jaialdia: Izeta II.a Errota harrian marka ezartzen saiatuko da, hamar minutuko txanda bakarrean.
Aizkoran: Larrañaga eta Arria V.a. Harrijasotzaileen erakustaldia: Izeta III.a, Izeta IV.a, Jon Peña.
17:30. Gorriti eta bere animaliak Bekotxe aurrean.

Urtarrilak 30, larunbata, umeen eguna

11:00. 5 hazbeteko tren zirkuitu handiaren inaugurazioa.
11:00. Zuhaitz landaketa umeekin, Urkaikok babestuta.
16:00. Iraetako jaioberriei omenaldia Gure Ordekan.
16:30. Puzgarriak eta tailerrak frontoian.
17:30. Aurpegi pintaketak.
18:00. Txokolatada eta goxoki-jaurtiketa.

(Iturria:urolakosta.hitza.eus)