Berriak
Atzealdea Iñaki Azkuneren ‘Zestoaren Historia (2)’ lana kalean da
2020·10·23
Eskuragai dago, jada, Iñaki Azkune Mendia ikerlariak egindako Zestoaren historiaren bigarren atala.
“Zestoaren Historia (2)” izeneko atal berria 10 liburuz osatutako ikerlana da eta 1545 eta 1556 bitarteko historia biltzen du. Ale bakar batzuk liburu formatuan argitaratu dira, erakunde eta liburutegietan eskuragai jartzeko, baina interesatuei zabaltzeko CD formatuan kaleratu da ikerlana.
Lehendabiziko atalak Historiaurretik 1544. urtera arteko historia biltzen zuen, eta orain haren jarraipena argitaratu da. Urte franko eman zituen Azkunek Zestoako, Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko hainbat artxibotako agirien kopiak biltzen, gure herriari buruzko lehen eskuko albisteak izateko ahaleginean. Gero, behin agiriak bilduta, horiek transkribatu eta historia idazten jardun da Azkune hainbat urtean. 2016an argitaratu zen lehen atala eta orain bigarrena.
Atal berriak, aurrekoak bezalaxe, historia bera eta oharrez aparte, Agiritegi bikaina du, alegia, agiri garrantzitsuenen transkripzioa. Baita beste informazio franko ere, hala nola, Zestoako alkateen zerrenda, irudien oinak... Eta ikerlana are eta bikainagoa egiten duten Gaikako aurkibidea eta Aurkibide onomastikoa ere bai.
“Zestoaren Historia (2)” CD formatuan jarriko da salgai, Potxolo liburu-dendan.