Berriak
Atzealdea Herriguneko kultur azpiegiturari buruzko hausnarketa egingo da urriaren 29an
2025·10·21

Datorren asteko asteazkenean, urriak 29, 19:00etan, herriguneko kultur azpiegiturari buruzko hausnarketa egingo du Zestoako Udalak. Bertara, herriko eragileak ez ezik interesa duen herritar oro gonbidatu nahi da.
Zestoako Udaleko gobernu taldeak aspalditik dabilki eskuartean herriguneko kultur azpiegiturei buruzko hausnarketa, eta, batez ere, Kultur Etxean jarria du lehentasuna. Urte asko dituen azpiegitura da, eta ahal den bezala erantzun die orain arteko kultur erronkei, baina udalak dioenez iritsi da hausnarketa sakon bat egiteko eta zenbait eraldaketa egiteko momentua, beti ere, jakina, udal honen ahalmen ekonomikoa kontuan hartuta.
Gaia lantzeko, hausnarketa kultur eragileekin eta azpiegituren erabiltzaileekin batera egitea da asmoa, nahiz eta bilera edonori irekia izango den. Udalaren asmoa da urtea bukatu bitartean bizpahiru saio egitea.
Abiapuntua Kultur Etxearen egoera izango da, baina aurrera begira ez da baztertzen azterketa zabalago bat egitea.
Gaiaren garrantzia azpimarratu du udalak eta bertan parte hartzeko ahalegin berezia egitea eskatu du.
Eguna: urriak 29, asteazkena.
Ordua: 19:00
Lekua: Kultur Etxeko areto nagusia.
Gaia: Kultur Etxea eta eraldaketa asmoak; udalaren azalpenak eta iritzi trukaketa.
*Argazkia: Danbolin


