Agenda

Atzealdea Herriguneko geltokiaren inguruko erabakia

Ohar argigarria
04 IRA
Zestoa | Herriko jaiak | 2020

Zestoako Udalak herriguneko geltokiaren inguruko erabakiarekin gertatu dena argitze aldera, ondorengoa adierazi nahi du:

Lehenik eta behin, asteburu honen izaera bereziaren atarian eta batez ere larunbateko kontzertuak inguruko herrietatik ekar zezakeen gaztetxo kopuruak sortutako kezkaren baitan, udalak kontzertua bertan behera uzteko eskari bat baino gehiago jaso ditu.

Halere, kulturak ez duela errurik diogu, musikak ez duela errurik diogu eta soinu teknikariek ere ez dutela errurik diogu. Kultura segurua da eta Zestoan demostratu dugu neurri zorrotzak beteaz ekitaldiak arrakasta osoz egiteko gai garela.

Gauzak horrela, herriko ostalariekin hitz egin ostean eta tabernetan neurriak zorrotz betetzen saiatuko zirela ikusita, Gipuzkoako mugikortasun sailari herriguneko geltoki nagusian ordutegi jakin batean autobusak ez gelditzeko baimen eskaria egin zitzaion. Beti ere, kontzertuaren oihartzunak ondoko herrietako gaztetxoak erakarri eta herriko kaleetan jende pilaketa ekidin asmoz.

Hasera batean, mugikortasun sailetik udalaren eskaera onartu egin zitzaigun, Bainuetxe eta Iraetako geltokiak zerbitzua normal emateko baldintzapean. Udalaren harridurarako, mugikortasun sailetik bigarren mezu bat jaso da zuzendaritzak azkenean erabakia ez duela onartzen adieraziaz.

Komunikabideetan denok ikusi dugu hainbat herritan askoz neurri murriztaileagoak nola hartu diren, herriak itxi, garraio publikoa guztiz ezabatu... Ez dugu ulertzen askoz ere neurri arinagoa hartzen Zestoan zergatik ez zaigun utzi.

COVID 19ari aurre egiteko orduan, beste erakundeak gai izan ez direlako, udalei ez dagozkigun eskumenak betetzea egokitu zaigu. Goiko erakundeek betetzera behartu gaituzten neurriak, nahiz horietako batzuk zentzurik gabeak izan, leialtasun osoz betetzen ari gara. Aldiz, kogobernantza hitza ahoz aho darabilten bitartean, Zestoako Udalak egindako ahalegina ez da aintzat hartua izan.

Bukatzeko, larunbat arratsaldean garraio publikoa normaltasunez ibiliko dela aditzera emateaz gain, Zestoako Udalak sortutako endredoagatik herritarrei barkamena eskatzen die.

MIKEL ARREGI URRUTIA
Zestoako Alkatea