Berriak
Atzealdea Harrobia txukuntzeko lanak berrekin dira
2022·12·09
Hogei urte inguruko geldiunea eta gero 2021eko ekainean Osinbeltz harrobia txukundu eta Udalaren esku uzteko akordioa sinatu zuten Zestoako Udalak eta Canteras de Zestoa S.A. enpresak. Duela urtebete inguru hasi zen enpresa harrobia hustu eta txukuntzeko lanekin baina siloaren erauzketak sortutako segurtasun arazoengatik Gipuzkoako Foru Aldundiko errepide sailak lanak gelditu zituen. Segurtasun agiri eta tramiteak bete ondoren desmuntatze eta txukuntze lanak berriro martxan dira eta dagoeneko arazorik gehien sortzen zuten errepide ondoko siloak eraitsi dira.
Epea zertxobait luzatu den arren lanak martxa onean doazela jakinarazi du Mikel Arregi 'Ertxin' alkateak: “Dagoeneko errepide ondoko siloak eraitsi dira eta horrek lanak azkartu egingo ditu, udalak ikuskaritza lanak egiten dihardu eta lanak datozen hiruzpalau hilabeteetan amaitzea espero da".
Udala lanen jarraipena egiten ari da eta herriko eskalada eta mendi klubeko kideekin ere hitz egiten hasia da eremu horretan mendi kirolarekin lotutako aisigune bat egiteko aukera aztertze aldera.
Lanak datozen hilabeteetan amaitzea aurreikusten dute eta amaitutakoan, harrobia udalaren esku geldituko da.