Berriak
Atzealdea Gazteen Asanbladak emandako agerraldiaren aurrean Zestoako Udal Gobernuaren agiria
2023·02·09
1- Zestoako udal gobernua osatzen duen indar politikoaren legealdiko programan, herriko jarduera soziokulturalerako Elizondo antzokia jabetza publikora pasatzeko egitasmoa hasieratik idatzita dago. Dena dela, Elizondoko antzoki zaharraren jabetza osoa elizarena dela ez da ahaztu behar, eta gure herrian ondo dakigu elizaren ondarea esku publikoetara pasatzea ez dela batere erraza izaten. Galdetu bestela Aizarna eta Lasaoko herritarrei.
2- Aipaturiko agerraldian Zestoako Udala jomugan jarri izana bidezkoa ez izateaz gain akats itzela da. Batetik, aipatu eraikina ez delako udalaren jabetzakoa eta, bestetik, gauza hauek era horretan plaza publikora ateratzeak helburuaren lorpenean ez duelako batere laguntzen. Beraz, hemen gaur egun dagoen traba nagusia jabetzarena da eta hori gainditzen bada, hirigintza legediari dagozkion oztopoak gainditu beharko dira eta hori ez da egun batetik bestera egiten, areago eremu hori urbanistikoki zeinen konplexua den kontutan hartuta.
3- Udalak duela urtebete inguru Gipuzkoako Gotzaitegiari eskaintza bat egin zion. Eliz agintaritzak, kanpai dorreko obrek sortutako zorra medio, Elizondo antzoki zaharra zor hori kitatzeko erabili nahi zuela adierazi zion udalari eta hitz egindako kopuruak ez zirela urrutitik ere zorra kitatzera iristen. Informazio guzti honen berri Gazteen Asanbladako ordezkaritzak hasieratik daki eta informazio guztia zuzenean pasa izan zaie. Udal Gobernu honek garbi adierazi nahi du diru publikoarekin operazio espekulatzailerik ez duela egingo eta udalari eraikin hori edozein baldintzetan eskuratzea eskatzea ez dela zilegi, ez ikuspegi sozialetik eta ezta kudeaketa publikoaren ikuspegitik ere.
4- Beraz, aurrekariak ikusita Zestoako Udalari borondate eza leporatzea ez da bidezkoa eta 2023ko aurrekontuetan partida sartzea borondatearen adierazgarri garbia da. Halere, berriro azpimarratu behar dugu eraikin horren jabea ez dela udala, eta horrelakoetan azken hitza jabeak izan ohi duela. Dena dela, udala hitzarmen duin bat lortzeko beste saiakera bat lantzen ari da.
5- Alkateak oposizioari adostasunerako deia egin izana larritzat jotzea harrigarria izan da eta are harrigarriagoa kanpotik udal gobernuari alde bakarrez erabakia hartzea eskatzea, noiz eta udal gobernuak hartu zezakeen erabakia hartua duenean: eroste eskubidearekin lotutako alokairu eredua elizari aurkeztea, alegia.
Nolanahi ere, esan beharrik ez da adostasunez hartzen diren erabakiak eraginkorragoak izan ohi direla, bereziki antzeko kasuetan, non azken erabakia hirugarren bati dagokion eta hirugarrena nor den kontutan hartzen bada eta maiatzeko hauteskundetan zer gertatuko den jakin gabe, alkateak adostasunerako deia egitea guztiz zentzuzkoa da.
Bestalde, Udal Gobernu honen ustez gune horrek gaztetxea baino zerbait gehiago izan beharko luke, bertan herriko gainontzeko eragileek ere erabiltzeko aukera izan beharko lukete eta eraikina garai batean herriari egindako ekarpen soziokulturala berreskuratzeko erabili beharko litzateke.
Bukatzeko, ika mika antzuak utzi eta argitu beharrekoak guztion artean hitz eginaz argitze aldera, udalak otsailaren 28an, Alondero aretoan arratsaldeko 19,00etan, batzar irekia deituko du. Bertan, udalak esku artean duen informazio guztia helaraziko da eta etorkizunean Elizondo antzoki zaharrean gaztetxea kokatzeko aukera izango da mintzagai.
Zestoan, 2023ko otsailaren 9an