Berriak

Atzealdea Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 10ean argitara eman zuen berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren haserako dokumentuari Zestoako Udalak alegazioak jarri dizkio

Aipatutako dokumentuak Euskal Autonomia Erkidegoko lurretan berriztagarrien eskala handiko azpiegiturak eraiki ahal izateko guneak proposatzen ditu eta horien artean Zestoako lurretan, Aizarnako Autsorokogaina eta Igarantxogaineko eremuan eguzki plaka fotovoltaikoentzako bi zatitan banatutako 7 hektareako gunea aurreikusten du.

2023·07·26


Zestoako Udalaren 80 orrialdetako alegazioan gune hori desegokitzat jotzeko arrazoi ugari ematen dira. Hirigintza arlotik gune horretan antzeko azpiegitura bat eraikitzea Zestoako Arau Subsidiarioek diotenarekin ez da bateragarria, izan ere gune hori soilik baserri jardueretarako izendatua dagoelako eta ezinbestean udal arauak aldatu eta plan berezi bat egitea eskatuko lukeelako.

Era berean, LPSaren haserako dokumentuak gunearen izendapena arrazoitzeko erabiltzen dituen argumentuak oso ahulak dira eta azterketa sakonik ere ez dela egin garbi ikusten da. Tamaina horretako azpiegitura batek eremu urbanizaezin eta natural batean eragingo lukeen inpaktua kontutan hartuta, haserako onespenerako dokumentuak zehatzagoa izan beharko luke.

Bestalde, dokumentua argitara eman den garaia ere ez dela bidezkoa izan deitoratu du Zestoako Udalak. Udal Hauteskundeen atarian, udal guztiak desegin eta berriz osatzera bi hilabete inguruko tartea dagoela kontutan hartuta, alegazioak aurkezteko epeak bete betean tarte horrekin kointziditu izanak udalentzat asko zaildu duelako alegazioak berme guztiekin aurkezteko aukera.

Zestoako Udala beste hainbat eragile eta enpresekin elkarlanean, eguzki energia fotovoltaikoa ekoizteko plana garatzen ari da eta plan hau hasera batean jada okupatua dagoen lur zorura mugatuko litzateke. Eraikin fisikoen teilatuak eta azpiegitura ezberdinak baliatuta ekoizpen jasangarriago bat lor daiteke eta bai Zestoako herrigune nagusian, industria guneetan eta auzoetako eraikinetan ere eguzki energia fotovoltaikoa era ahalik eta jasangarrienean ekoizteak izan behar du lehentasuna.

Zestoako Udalak LPSaren haserako dokumentuak jada tramitean diren eskala handiko hainbat berriztagarrien proiektu eoliko planifikaziotik salbuetsita utzi izana ere salatu nahi du. Adibidez, gure kasuan dokumentuak Piaspe proiektuaren kokapena egokitzapen baxukotzat jo arren, tramitean egon izana proiektuarekin jarraitzeko adinako arrazoitzat hartzen du eta horrek udalak eta herritarrak indefentsio egoeran jartzen ditu. Izan ere, alegazioak jartzeko aukera bera ere ezabatzen delako.

Amaitzeko, Zestoako Udalak Piaspe proiektuaren enpresa sustatzaileak tramitazioa laburtzeko hartutako bidearen inguruan bere kezka adierazi nahi du, antzeko proiektuek ezinbestean izan beharko luketen gutxieneko gardentasun ezak beste behin herritarrak eta gurea bezalako udalak ziurgabetasun egoeran uzten dituelako.

Alegazioa osorik hemen.